Udalbatzaren osoko bilkura

2026ko ordenantza fiskalak, behin betiko onartuak

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 5a

Aurkeztu diren bi alegazioak erantzunda, behin betiko onartu ditu Usurbilgo Udalak 2026. urterako zerga, tasa eta prezio publikoak, ostiral goiz honetan eginiko ezohiko osoko bilkuran.

Aspaldiko udalbatzaren osoko bilkura laburrena izan da ostiral goiz honetan, abenduaren 5ean egin dutena. Gai-zerrendan kontu bakarra zuten, izatez, azaroaren 26ko saioan hartu behar zuten erabakia, baina bezperan ixtekoa zuten epealdiaren baitan, azken unean aurkeztutako alegazioari erantzuteko tartea hartzeko, bertan behera utzi zuten gai horri lotutako bozketa; 2026ko ordenantza fiskalei buruz ari gara.

Urriaren 8an behin-behinean onartu zituen udalbatzak hurrengo urterako zerga, tasa eta prezio publikoak. Alegazio epea igarota eta ostiral honetan, abenduaren 5ean egindako ezohiko osoko bilkuran behin betiko onartu dituzte aho batez, alegazio epealdian aurkezturiko bi erreklamazioak erantzutearekin batera.


Garaiz ibiltzeko
Izatez, abenduaren 18an egingo da urteko azken osoko bilkura, baina "larri samar" ibiliko zirela aipatu zuten udal gobernu taldetik azaroaren 26ko osoko bilkuran, erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera argitaratzeko bidali eta 2026ko ordenantza fiskalak urtarrilaren 1ean jarri ahal izateko, hilabete amaierako jaiegunak tarteko.

Horregatik, ostiral honetarako ezohiko osoko bilkura deitzea erabaki zuten, iragan asteko saioko bozketa egin ahal izateko.

%3a
Ordenantza fiskalen bidez, "helburua bada, diru-sarrera horien bidez herritarrei ahalik eta zerbitzu publiko onena eskaintzea, herritarren beharrak eta udalaren diru-sarreren arteko finantza oreka bermatuz". Horrekin batera, bitarteko gisa ikusten du ordenantza hori udal gobernu taldeak, "Usurbilerako dauzkagun helburuak lortzeko; Usurbil berdinzaleagoa, bizigarriagoa eta jasangarrigoa eraikitzen jarraitzeko" hain zuzen.

Irailean hasten dira lantzen ordenantza fiskalok. Honenbestez, aurreko hilabeteko EAE-ko KPIa-ren zenbatekoa hartzen dute erreferentzia gisa urtero. Uztailekoa hartu dute kontuan, lantzen hasi zirenean abuztukoa argitaratzeke zegoelako, udal gobernu taldetik urriaren 8ko osoko bilkuran argitu zutenez.

2026ko Usurbilgo zerga, tasa eta prezio publikoen igoera orokorra %3koa izango da. Halere, aurreko urteen antzera, zenbait salbuespen izango dira. Lerrootan dituzue xehetasunak: 2026ko ordenantza fiskalen behin-behineko onarpena.

Sarean
Udalbatzaren osoko bilkurak dakizuenez, publikoak dira, aretoa zabalik izaten da herritar ororentzat. Uda amaieratik, gainera, telematikoki zuzenean eskaintzen ditu Udalak saio horiek guztiak. Hala egin dute ostiral honetakoarekin ere. Albiste honi atxikitako bideoan duzue osoko bilkura osorik; bestela, Udalak Youtuben duen @usurbiludala4589 kanalean ikus dezakezue baita gaurkoa nahiz aurretik egin izan dituztenak ere.