2025ari gainbegiratua

Arrobitxulo jaio zen otsailean

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 29a

Kulturgunea, aisialdiko eragileak nahiz gazte mugimendua bateratzen dituen elkargunearen izena, marka, balioak, helburuak... aurkeztu zituzten ekitaldi berezi baten bidez Sutegin. Otsailak Arrobitxuloren jaiotza ekarri zigun, baita bestelako kontu gehiago ere.

Hilabetea, osasungintza publiko duinaren alde mobilizatuz hasi zuten Donostian, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek (tartean, eskualde honetakoak) deitutako manifestazioan. “Promesa gutxiago eta baliabide gehiago” galdegin zituzten.

Osasun gaiekin segita, aurreko asteetako etenaldiaren ondotik, astearteroko “Goazen Kalera” ibilaldi osasuntsuei ekin zieten Aginagako eskolakoen Santa Ageda bezperako kalejirarekin. Otsailaren 4an izan zen. Udarregi ikastolako LH eta DBH-koak ere makila hotsen erritmora plazaratu ziren, lurrari deiadarka baita Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoak Egurtzegitik.

Arrobitxulo jaio zen
Aurreko urteetan egindako lanketa plazaratu zuen egunotako topaketak antolaturiko elkarguneak; ordura arte izenik ez zuena, Sutegin eginiko ekitaldian aurkeztu zuten. Arrobitxulo jarri zioten, etorkizunean ikastola pareko zelaian kokatuko den egoitzari. Haren izena eta marka estreinakoz plazaratu zituzten. Ordura arte landutako barne-antolaketaz, egitasmoaren balio eta helburuez ere mintzatu ziren bilgunearen baitan diren Kulturguneko nahiz aisialdi eragileetako ordezkariak edota gazte mugimendukoak. Eraikinaren aurreproiektua ere ezagutzeko aukera izan zen.

Urde herriko kaleetan
Inauteri betean agurtu genuen hilabetea, Udarregi ikastolakoen zaku koloretsuen dantza, mozorroen desfile, “Hilak bizirik” urtaro eta hilabeteei gorazarre egindako nahiz abesti arrakastatsuenen dantzaleku bilakarazitako Oiardo kiroldegiko Udarregi ikastolakoen emanaldiekin. Egun berean, superheroien inauteri festaren bezperan, tokiko inauteriak sendotzeko apustua egin zuten hainbat herri eragileek lankidetzan; horri esker plazaratu zuten "Urderen kondaira" emanaldi ibiltaria.

Mugimendua aretoetan
Aginagako Eliza Zaharra elkargunea zenbait hitzorduren oholtza izan zen; Andoni Egaña, Julio Soto eta Nerea Elustondorekin eginiko bertso-afariarena edota Izan Bai talde berriaren estreinako kontzertuarena.

Usurbilen, Sutegin “Heriotzak Eduardo du izena” antzezlana eskaini zuten Formol Laborategikoek. Pettik bere 25 urteotako ibilbidearen baitako emanaldia eskaini zuen. Auditoriotik irten gabe, ETB-ren “Irabazi Arte!” telesailaren denboraldi berria bertan estreinatu zuten.

Potxoenean herriko jaiak antolatzen hasi ziren. Herriko kaleetan, aldiz, Kantu Taldeak bira berezia egin zuen Basauri eta Sopelako lagunekin.

Birez ari garela, bisita berri bat estreinatu zuen 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak; sagardoaren kulturan barneratzea ahalbidetzen duena. Eta bisitari gehiago jaso zituen gainerako ekimenetan; Miranda Ebroko 110 lagun tartean.

Euskararen defentsan
Euskara ere hizpide izan genuen otsailean. Hasteko, Usurbilgo zein Astigarragako udalek UEMA-rekin batera, agerraldia egin zuten Potxoenean, aipatu bi udalek udaltzainak hautatzeko prozesuetan euskarazko hirugarren hizkuntza eskakizuna zehazteagatik jasotako helegiteen harira. Helegite horiei erantzuteko borondate irmoa agertu zuten, udalon hizkuntza eskakizunak defendatzearekin batera.

Buruntzaldeko udalek euskara arloko lankidetza hitzarmena sinatu zuten, bestalde, otsaila amaieran. 2002an sinatu zen lehen aldiz eta orduko hartan adostutakoa oinarritzat hartu bazuten ere, egitasmo eta erronka berriak txertatu zituzten hitzarmen berrian. Usurbilgo udalbatzak hilabete lehenago eginiko osoko bilkuran bat egitea onartu zuen hitzarmen horrekin.

Udalbatzaren erabakiak
Erabaki gehiago ere onartu zituen udalbatzak; hala nola, herri honen etorkizuna marraztuko duen Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin-behinean onartu zuten. Matia Fundazioaren jabetzako Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzen alokairu-kontratua ere bai. Bestalde, Etxeko Laguntza Zerbitzua finantzatzeko Udalak Aldundiarekin izenpetua duen hitzarmena ere luzatzea babestu zuen.

Horrez gain, alokairu sozialeko udal etxebizitzen esleipena arauturiko udal ordenantzan lau hobekuntza txertatzea onartu zuen hasieraz , abenduaren 19ko osoko bilkuran. Alegazio epealdia igarota erreklamaziorik egon ez denez behin betiko onartu zuten otsailean, etxebizitza hauen eskatzaileen udal erregistroaren araudiarekin batera.

Azkenik, herri-bideen erabilerari lotutako udal ordenantza hasieraz onartu eta Haraneko entsegu lokalen erabilerarako udal ordenantza jendaurrean jarri zuten.

Udal egitasmoez ari garela, 442 argi-puntu LED teknologiara aldatuko zituela iragarri zuten eta hobekuntza gehiago aurreikusi zituzten kirol instalakuntzetan; tartean, sarbide berria jarri zuten martxan Oiardon.

Askotariko kirol albisteak
Kirol kontuekin segita, Gipuzkoako 9. Orientazio Ligako lehen proba egin zuten Usurbilen eta Oriako jaitsieran ere izan ginen. 77 ontzi lehiatu ziren 31. edizioan.

Usurbil F.T. futbolarien eta baita boleibol jokalarien aterpea izango zela ere berri eman genizuen. Izan ere, bi aldeek klub horretan integratu eta lankidetzan aritzea adostu zuten.

Martxoaren 8ari lotutako Donostiako 35. Lilatoirako estreinakoz Usurbildik 60 bat emakumeko ordezkaritzak talde gisa entrenatu eta parte hartzea erabaki zuen, Emakumeon Etxetik eginiko deialdiarekin bat eginez. Guztira, inoizko ordezkaritza handiena izan zuen Usurbilek edizio horretan; 108 emakumekoa hain zuzen.

Azkenik, Pagazpek eta Udalak Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren 100. urtemugarekin bat egin zuten.

Harrera
Usurbilera bizitzera etorritakoei harrera egin zieten Usurbilgo Udalak eta Aniztasun Kontseiluak, hilabete hasieran udalbatza aretoan. Ongi etorri ekitaldi honetan herria aurkeztu nahiz eskuragarri zituzten baliabide nagusien berri eman zieten udal gobernu taldetik. Usurbil harrera herri izateko bideratzen ari den lanketaren norabidean kokatua dago hitzordu hau.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko "Adinberri-Hariak" laguntza deialdiko onuradunetako bat izan zen "Usurbilgo Zainketen Sare Komunitarioa-Herri Zaintzailea proiektua".

Azkenik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua sustatzen hasia zen "Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko" eta horren baitan, "14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihur dadin" bermatzeko Herri Ekimen Legegilearen alde sinadurak biltzeari ekin zioten, baita Usurbilen ere.

Otsaileko argitalpenak
"Agurrak azaleratua" 64. Herrira Begira
Otsailaren 7ko 1021. NOAUA!
Otsailaren 14ko 1022. NOAUA!
Otsailaren 21eko 1023. NOAUA!
Otsailaren 28ko 1024. NOAUA!