2025ari gainbegiratua

Euskaraldiarekin eta ospakizunez ospakizun joan zitzaigun maiatza

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 30a

Ospakizun eta aldarrikapenen hilabetea izan genuen maiatzean, hilabete hasieratik amaierara.

Bi urtean behin izan ohi dugun Euskaraldia, oraingoan, estreinakoz, udaberrian egin zen, urteko bosgarren hilabetean, besteak beste, ahobizi eta belarripresten arteko ariketa emankorragoa izan zedin, urte garaia zein den kontuan izanda, kalean bizitza gehiago egin ohi delako.

Eta hala izan zen Usurbilen. Ekitaldi etenik gabeko hilabetea izan zen maiatza udalerri honetan. Laugarren Euskaraldiari dagokionean, maiatzaren 15etik 25era egin zen. Lauburu Konpartsa, Zumarte, Kantu Taldea… kide izandako herri kalejirak abiarazi zuen zikloa. Entitateen atxikimendua bistaratzea izan zuen xede. Amaieran, manifestua plazaratu zuten antolatzaileek. “Batera eraginez, erabilera handituko dugu”, zioen txupinazo baten laguntzaz irakurritako adierazpenak.

Azken txanpan, kantuan eta dantzan agurtu zuten zikloa Zubietako eskolan, belaunaldiarteko krosa eta ekintza gehiago tartekatu zituen UdaFest 2025 hitzordu sortaren baitan. Eskola honek eta Aginagakoak bizikleta martxa baten bidez bat egin nahi izan zuten baita Euskaraldiarekin. Kantu Festa antolatu zuen Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Zarauzko Montetxio, Lasarte-Oriako Xumela eta Hondarribiko Olagarro taldeekin egunpasa egin zuten kantuan Usurbilen.

Anuk eta Elenerekin amaiera musikatua izan zuen Euskaraldiak. Ekimena amaitu arren, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzeko deia egin zuten herritarren batzordeak. Lehen parte hartze datuak ere kaleratu zituzten. 846 herritarrek (%60 inguru emakumeak) eta 33 entitateek bat egin zuten Euskaraldiarekin, ia 500 lagunek Hikaldiarekin.

Ospakizunen loraldia
Euskaraldiaren abiatzea San Ixidro egunarekin egokitu zen. Baserritarren Eguna ospatu zuen herri honek herri kirol, erromeria eta hamaiketako artean. Herri kirolak Usurbilen sustatzen eginiko lanagatik omendu zuten Arratzaingo Joxe Mari Mendiluze Azkue eta baita iaz zendutako Joxe Ramon Sarasola eta Joxe Mari Etxarri ere.

Euskaraldia hasi aurreko orduetan egin zen Baserritarren Eguna, ziklo hau hasi eta bi egunera, Kalezarko Udaberriko Trikiti Festa ospatu zuten Pelaioenea atarian. Dantza giro bikaina nagusitu zen bertan.

Biharamunean, hilaren 18an ospatu zen giro eguzkitsuarekin 42. Sagardo Eguna. Nagore Lertxundik jantzi zuen botatzaile onenaren txapela. Iñaki Zugasti eta Manex Irazabal izan ziren beste bi finalistak.

40 urteak ospatzen
Urtemuga bera betetako bi herri eragileek izan zuten jaialdia hasteko ohorea; aurten, 40 urte betetako Zumarte Musika Eskolak eta Ziortza Gazte Elkarteak. 40. urtemuga horren ospakizun nagusiak hurrengo asteetan bideratu zituzten; maiatza amaieran, Ziortza Gazte Elkarteak. Bilgunearen lau hamarkadetako historia iruditan bildu zuten Sutegiko erakustaretoan. Jolasak, elkartearen urteotako komunitatea bazkaritan bildu zuten eta Ondoezik elektrotxarangakoek hitzordurako sortutako “40 urtez bidelagun” abestia plazaratu zuten estreinakoz.

Hilabetea agurtzear ginela 40. urtemuga ospakizunen lekukoa hartu zuen Zumarte Musika Eskolak. Urte hasieratik hilero hainbat dinamika bideratu ostean, hamarkada hauetako ibilbidea iruditan biltzen zuen erakusketa ireki zuten Sutegin. Egun horietan, Eguneko Zentroko nahi eguneko arreta zerbitzuko erabiltzaileekin urtean bitan egin ohi duten musika topaketa antolatu zuten musika eskolan edota ikasturte amaierako taldeen kontzertua ere eskaini zuten frontoian.

Denboraldi amaiera gozoa
Kiroletan, taldeen denboraldi amaieran, albiste pozgarrien hilabetea izan zen maiatza. Usurbil K.E.-ko senior mutilek Kantabriako Colindresen jokatutako faseko hiru neurketak irabazi eta lehen nazional mailara igotzea lortu zuten. Harrera beroa egin zitzaien herrira heldu zirenean.

Une hunkigarria bizi izan zuen hilabete berean Esther Arrojeriak. Bera Bera taldeko Kalezarko eskubaloi jokalariak merezitako omenaldia jaso zuen, erretiroa hartuko zuela iragarri ostean. Malagaren aurkako ligako finalaurreko neurketa gorazarre ekitaldian bilakatu zuten hainbat herrikideek dantzan, txalapartari gisa edota unea musikatzen.

Boleiboleko infantilen eta alebinen taldeek ere denboraldi amaiera gozoa izan zuten. Gipuzkoako txapeldunorde izendatu zituzten eta Usurbil F.T.-ko kadete neskak Emakumezko Kadeteen 1. Mailako Kopako txapeldunorde.

Azkenik, Itzulia Women lasterketaren azken etapak udalerri hau zeharkatu zuen Sagardo Egunean.

Elkartasun egunak
Hori dena gutxi ez eta gehiagorako eman zuen maiatzak. Bi hilabete lehenagotik jada zabalik zen egoitza inauguratu zuen ofizialki Izan Inurri elkarteak Askatasuna plaza ondoan (garai bateko Pauma arropa-dendan). Desfile koloretsu batekin eta musikaz blai ekin zioten ibilbide berriari Usurbilen. Elkartasun ukitu nabarmena izan zuen hitzorduak, baita biharamuneko Izan Hartxintxar Egunak, ikastolei elkartasuna adieraztea xede zuen jaialdiak.

Musika aipatuta, “Bakarka” diskoarekin gure artera itzulitako Ruper Ordorikak goraino bete zuen Sutegi Jexux Artze K.E.-k antolaturiko kontzertuan. Kultur arloko albisteei segida emanez, orain arteko lankidetza hitzarmen batean jaso zuten Orbeldi dantza taldeak eta Usurbilgo Udalak. Sutegi udal liburutegiaren eskutik, besteak beste, "Idazketaren alde" proiektua aurkeztu zuen Yolanda Arrietak.

Buruntzaldean iaz gidabaimena euskaraz atera zutenen arteko zozketa egin zuten; Jon Howick Iriberri izan zen Usurbilgo sariduna.

Izendapenerantz
Udalerri hau "tentsio handiko etxebizitza-merkatuko eremu" izendatzeko Eusko Jaurlaritzari egina zion eskaeraren harira landutako herri honen etxebizitzen diagnosia eta hurrengo urteotarako ekintza plana aurkeztu zituen Udalak maiatzean, lehen urtebetetzea ospatzeko jaialdia antolaturiko Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan. Hilabete amaieran, martxoan Udalak eginiko izendapen eskaera tramitatzeko prozedura abiatu zuen Jaurlaritzak.

Mobilizazioak
Bilkurarik ere izan zen maiatzean. LAB-ek sindikatuko Gipuzkoako helduak batu zituen Sutegin.

Maiatzaren 15ean, urte hasieraz geroztik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bildutako 145.142 sinadura (524 usurbildarren atxikimendu tartean) aurkeztu zituen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Legebiltzarrean "beharrezkoak baino hamabost aldiz gehiago, gutxieneko pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %100eraino osatzea eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea EAEko Legebiltzarrean izapidetzeko onar dadin".

"Erraustegiak egunero kutsatzen gaitu. Erraustegia gelditu!" aldarripean mobilizazioa egin zuten, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarian. Hilabete hartan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ekonomikoki "ito" egin nahi duela salatu zuen GuraSOSek ohar bidez, noiz eta, Espainiako Konstituzio Auzitegiak "elkarteari epaitegietara jotzeko legitimazio aktiboa aitortu eta aste batzuetara".

Erraustegiak eragindako kutsadura tarteko, urgentziazko neurriak hartzea galdegin zion "FACUA Euskadi"-k Eusko Jaurlaritzari. Artean, erraustegiaren kokagunetik hurbil, Gipuzkoako Foru Aldundiak Mubil Gipuzkoako Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriko egoitza inauguratu zuen Zubietako Eskuzaitzetan.

Ingurumena
Gertuen dugun naturguneearekin bat egiteko aukera izan zen beste urte batez, giro ederra izandako maiatzaren lehen igandeko Andatza Egunean. Izan zen, ordea, inguruneak duen ohiko itxura eraldarazi zuen albisterik ere. Aranerreka parke eraberrituko zubi ingurua erabat zikinduta agertu zen. Udalak ekintza hau deitoratu zuen, denon espazio publikoa errespetatzea galdegitearekin batera. Bestalde, bere bizitza zikoa bete, gaixotu eta ihartu ostean, haginarik gabe geratu zen Bordatxo pareko biribilgunea.

Heriotza
Hilabetea heriotza batekin agurtu genuen. Usurbilgo alkate izandako Martin Larrañaga zendu zen maiatza amaieran. 1983-87 urte artean izan zen Usurbilgo alkate, EAJ alderdiaren izenean. Aurretik, aurreko legealdian alderdi bereko zinegotzi ere izan zen Larrañaga. Gerora, udal hauteskundeetarako EA-ko hautagaien zerrendan parte hartu zuen Larrañagak.


Maiatzeko argitalpenak
Maiatzaren 2ko 1031. NOAUA!
Maiatzaren 9ko 1032. NOAUA!
Maiatzaren 16ko 1033. NOAUA!
Maiatzaren 23ko 1034. NOAUA!
Maiatzaren 30eko 1035. NOAUA!
Sagardo Eguneko gehigarria