Inauteriak

Lehia bizia, inauterietako gaia hautatzeko galdeketaren azken txanpan

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 15a

Ostiral honetan bertan, urtarrilaren 16an jakinaraziko du NOAUA! Kultur Elkarteak, inkesta bidez boto gehien jasotako mozorrotzeko gaia zein izan den. Galdeketan parte hartzeko azken orduak dituzue.

Otsailaren 14an ospatuko dugun Inauteri Festa egunerako mozorrotzeko gaia hautatzea ez da oso erraza izaten ari. Aurreko asteetan jasotako zuen proposamenetatik hiru dira aukeraketa prozesu horren azken faserako sailkatu direnak. Hiru gai horiek aste hasieran inkesta bidez ezagutarazi eta ordutik haietako baten aldeko botoa emateko aukera izango duzue ostiral goizera arte.

Bihar, hilaren 16an zuek boto gehien emandako gaia izango da aukeraturikoa. Kontua da, egunotan gertatu moduan, azken txanpa honetan ere hiru proposamenetatik bi paretsu daudela jasotako herri babesaren ikuspuntutik. Boto kopuru aldetik berdintuta izan dira zenbait uneetan eta gainerakoan, boto gutxi batzuen arteko tartean, hortxe dira lehian.

Horren adierazle, ostegun arratsalde honetan, 19:00ak aurretik bildu ditugun datuok:
-Zure bizitzako ikonoak: 302 boto (botoen %49,2).
-Gatsby Handia (1920ko hamarkada): 13 boto (botoen %2,1).
-Munduko festak (Feria de Abril, Castellers, October Fest...): 299 boto (botoen %48,7).

Datuok jasotzerako unean, 614 botoko parte hartzea sustatua zuen galdeketak. Lehia estua da, beraz. Azken hitza, zuena izango da. Ostiral honetan amaituko da inkestan parte hartzeko epealdia. Tarte hori igarota, berehala jakinaraziko dizuegu zein izan den 2026ko Inauteri Festarako hautaturiko gaia.


Esteka honetan sartuta, parte har dezakezue inkestan: "Zein mozorro duzue gustukoen?"


Aurreko Inauteri Festetan hautaturiko gaiak
2026/02/14: ?

2025: Superheroiak.

2024: Fauna.

2023: Filmak.

2022: Gai librean.

2021: Ez zen antolatu.

2020: Dantza.

2019: Jolasak.

2018: Ospetsuak.

2017: Ingurumena.

2016: Lanbideak.

2015: Ipuinak.

2014: Erdi Aroa.

2013: Musika.

2012: Mitologia.

2011: Itsasoa.

2010: Zirkoa.

2009: Olinpiar Jokoak.

2008: Xomorroak.

2007: Brasil.

2006: Marrazki bizidunak.

2005: Usurbil, Oesteko herri.

2004: Hollywood.

2003: Munduko kulturak.

2002: Extralurtarrak.

Erlazionatuak