24. Korrika

Korrikak beste egun bat gehiago izango du, hamabigarrena

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 30a

Martxoaren 19an Zuberoako Atharratzen hasi eta igande honetan, hilaren 29an, Bizkaiko hiriburuan, Bilbon helmugaraturiko 24. Korrika ez dela amaitu jakinarazi du astelehen honetan AEK-k. Edizio honi segida emango dion hamabigarren eguna antolatu dute.

Hamaika egunez, 24 orduz, 2175 kilometro eta 3436 lekuko-hartzeen ostean, igande honetan, martxoaren 29an helmugaratu da ezin arrakastatsuagoa izandako 24. Korrika Bilbon, hilaren 19an Atharratzetik abiatu ostean.

Atzo helmugaratu zen bai, euskararen aldeko martxa erraldoia, baina ez da amaitu. Ez da txantxa. 24. Korrikak segida izango du egun batez, hamabigarren egunez, AEK-ko arduradunek lekuko barnean gordetako mezua idatzi duten zazpi gazteekin batera, astelehen honetan agerraldi bidez jakinarazi dutenez. "12. eguna" hala izena du abiarazi duten ekimenak, Korrikaren hamaika egunetatik haratago joatea xede izango duena. "Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak 11 egun horietatik harago joan behar dugu. Hori dela-eta sortu dugu Korrikaren 12. eguna izeneko ekimena".

12. egun hori, apirilaren 22rako antolatu dute, asteazkenez. "Ordubeteko eskola emango dugu, doan, gure 100 euskaltegietan. Hasiera-mailako klaseak izango dira, oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat", iragarri du AEK-k.

Horrez gain, adi, izango da eta hamahirugarren egun bat ere. "Maiatzaren 21ean inoiz baino euskara gehiago entzungo da gure artean!", iragarri dute. Ostegun horretarako, "65 mintzodromo antolatuko ditugu" jakinarazi dute, "Euskal Herriaren luze-zabalean. Azken batean, horrela lortuko dugu helburua: ikasiz eta praktikatuz". Ekimen horiei buruzko informazio gehiago jaso nahiz izena emateko esteka hau duzue eskuragarri: korrika.eus/eu/etaizangogara

Balantze gozoa
Iragandako hamaika Korrika egun hauei dagokienean, parte hartzea masiboa izan dela nabarmendu du AEK-k aste hasiera honetan eginiko agerraldi bidez. “Euskal Herriak erabateko indarrez erakutsi du euskara garela, eta euskara izan nahi duela”. 

Markak hautsi direla azpimarratu dute. "Inoiz baino lekuko-hartze gehiago izan dira, 3400tik gora; eta askoz lagun gehiagok eraman dute lekukoa”.

Edizio hau "Pizkundearen Korrika" dela gogorarazi dute, "pizkunde berri baterako lehen txinparta. Horixe islatu nahi izan du AEKk Korrikaren mezua Euskal Herriko zazpi gazteren esku utzita".

Izan ere, "gazteok ez dituzte ausaz aukeratu: guztiak euskara dira gaur egun, nahiz eta hainbat bide ibili dituzten horra heltzeko ez baitute hizkuntza modu berean jaso. Hori bai, euskararen etorkizuna jokoan dagoen honetan, ezinbestekoa denean guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, zazpi mezu-egileek argi dute euren engaiamendua, eta horrexegatik dira euskararen Pizkunde berri baten lehen txinpartaren isla. Hala, euskara Pizkunde berri batera eramateko deia egin du 24. Korrikak, gazteak lehen lerrora ekarrita".

Belaunaldi horren esku-hartzea ezinbestekotzat jotzen du AEK-k Euskal Herri euskalduna izateko, "horixe da gure gutxieneko hizkuntza-eskakizuna”. Horrekin batera, hurrengo hitzordura begira direla jakinarazi du; ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxara begira hain zuzen. "Iruñean egingo da, euskaltzaletasuna elikatzeko orduan herritar bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa dela adierazteko asmoz”.

Korrikan lekukoa eramatetik haratagoko konpromisoa eskatu die AEK-k ordezkari politikoei; babes juridiko eta politikoarekin batera, "Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna”. Ekimenean parte hartu duten eragile guztiei "ekiteko engaiamendua" galdegin die.

Erlazionatuak

"Aurrera goaz. Bazatoz?"

Noaua Aldizkaria mar 29, 13:12 Usurbil