Pasabide irisgarri eta segurua du gaurtik Usurbilek. Trenbidea zeharkatzeko puntu arriskutsuetako bat ezabatua geratu da asteazken honetatik, apirilaren 29tik, zabalik den geltoki inguruko zubi berriaren irekierarekin. Aipatu moduan, nabarmen seguruagoa da, N634 errepidea bertatik zeharkatzeaz gain, orain arte ez bezala, hemendik aurrera trenbide gainetik igarotzen delako. Etxealdiako garai bateko pasabidea ordezkatuko duena luzeagoa da eta seguruaz gain, irisgarriagoa. Izan ere, igogailu bat baitu tren geltoki ondoko eremura igo nahiz jaisteko, beste bat Atallu aldera jo nahiz bertatik herri erdigunera igotzeko, eta gune horietarako eskailerak ere erabiltzeko moduan dira gaurtik.
Horrez gain, beste bi igogailu ere izango ditu aurrerantzean gune horrek. Oraindik, ordea, itxita daude; Oriorantz nahiz Donostiarantz doazen trenetara heltzeko nasetara jaitsi edo igotzeko igogailuez ari gara. Itxuraz, ordea, ez dute askorik falta.
Pasabide berriaren irekierarekin aldi baterako egokituak egon direnak ixteko unea heldu da gaur. Batetik, geltokitik trenbidea zeharkatuz Atallu eta herri erdigunea lotzen zituen bidea etenda dago. Bestalde, N634 errepidea zeharkatzeko 2024ko maiatza amaieratik zabalik zen behin-behineko pasabidea ere, asteazken goiz honetan zabalik zen oraindik, baina ixtear dute. Usurbilgo Udalak jakinarazia duenez, gaur gauean desmuntatzekoak dira.
Gainerakoan, gaur goizetik zabalik den ingurura joandako hainbat begira ziren eremu berritura, estreinakoz igogailuak baliatu dituzte. Langileak ere, badaezpada, tren-geltokira sartu nahiz handik irteten aritu direnei argibideak eskaintzen aritu zaizkie. Mugikortasunaren ikuspegitik, lotune garrantzitsua berreskuratu da, oraingo hau, ordea, berritua, irisgarria eta segurua dena.
Urbanizazio lanen segida
Tren-geltoki berria guztiz erabilgarri izateko gutxi falta da honez gero. Oraindik orain, ordea, "geltoki zaharraren ondotik sartu beharko da nasetara", Udaletik ohartarazi dutenez. Segidan duzue, tren-geltokira iristeko egin beharko den bidearen mapa.
Etxealdiako zubi berrituaren irekierak, 2024ko maiatzaren 27az geroztik aldi baterako erabilgarri izan dena desmuntatu egingo dute. Udalaren arabera, desmuntaketa lana, zubi berria ireki ostean egingo da, asteazkenetik ostegunerako gau partean hain zuzen. "Kendutakoan, eremu horretako urbanizazio lanekin jarraituko du ETSk: zati hori falta zaie tren geltokitik Atxega jauregirainoko eremu guztia berrituta uzteko. Era berean, pasealeku guztiko argiteria berritu dute", Udaletik azaldu dutenez.
Nahi baino denbora gehiagoz izan da zabalik N634 errepidea zeharkatzeko behin-behineko zubia. Aipatu moduan ia bi urtez egon da, nahiz hamar hilabeterako beharko zela aurreikusia izan. Iaz jarri zuten Etxealdiako zubi berria "baina ez dute irekitzerik izan, irisgarritasun baldintzak bete arte. Tren geltoki berriak bi modutara lotuko ditu goiko eta beheko zatiak: eskailerekin eta igogailuekin. Igogailuak lau izango dira: bi geltoki barruan daude, nasetara sartzeko, eta beste bi kanpoan, Zumartegi industriagunearekin, Santuenearekin eta Atallurekin lotura egiteko. Kaleko bi igogailuak martxan jarrita eta irisgarritasun baldintzak beteta irekiko da, azkenik, zubi berria, bi urteren ondoren".
Herri erdigunea, Etxealdia eta Atalluren lotunea den San Esteban kaleko lanak ere amaitu dira duela bizpahiru astetik, zabalik da erabat. "Zenbait erremate kalea ireki ostean egin ditu udalak. Horrez gain, aldapan dauden bankuak egokitu dira, erosoagoak izan daitezen".