Egutegi fiskala

Ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzeko garaia

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 26a

Urte hasieratik indarrean diren 2026ko ordenantza fiskalen baitan, ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzeko garaia heldu dela jakinarazi du Usurbilgo Udalak.

Indarrean dira urtarrilaren 1az geroztik, 2026. urte honetarako Usurbilgo Udalak onarturiko zerga, tasa eta prezio publikoak. Horiek ordaintzeko egutegi fiskala ere onartua du Udalak. Egutegi horri erreparatuta hain zuzen, ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzeko unea heldu dela jakinarazi du egunotan Usurbilgo Udalak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.

Bertan argitaraturiko iragarkiaren arabera, zerga horri lotutako erroldak onartu eta jendaurrean ikusgai jarriak izango ditu Udalak hilabetez. Era berean, maiatzaren 15az geroztik, uztailaren 1era artekoa izango da zerga hau borondatez ordaintzeko epealdia.

Urte amaieran onartuak
Urte hasieratik indarrean dira jada, aipatu moduan, 2026. urte honetarako ordenantza fiskal berriak. Udalbatzak abenduaren 5ean eginiko ezohiko osoko bilkuran onartu zituen behin betiko eta aho batez. Erabakia abenduaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren (GAO) bidez argitaratu zuten. Esteka horretan dituzue ordenantza fiskal horiei buruzko xehetasunak: abenduaren 17ko GAO. Honenbestez, indarrean dira Udalak urte berri horretarako onarturiko zerga, tasa eta prezio publikoak.

Gogoan izan, epealdia ixtear zela aurkezturiko azken alegazioari erantzuteko tartea hartzeko, azaroaren 27ko udalbatzaren osoko bilkuran erabaki horri ematekoak ziren behin betiko onespena atzeratzea erabaki zutela. Aldiz, ordenantza fiskalok GAO bidez garaiz argiraratu eta urtarrilaren 1ean indarrean jarri ahal izateko deitu zuten astebete geroago, hilaren 5ean ezohiko osoko bilkura. Lehenago, urriaren 8an behin-behinean onartu zituen udalbatzak aurtengo zerga, tasa eta prezio publikoak.

%3a
Ordenantza fiskalen bidez, "helburua bada, diru-sarrera horien bidez herritarrei ahalik eta zerbitzu publiko onena eskaintzea, herritarren beharrak eta udalaren diru-sarreren arteko finantza oreka bermatuz". Horrekin batera, bitarteko gisa ikusten du ordenantza hori udal gobernu taldeak, "Usurbilerako dauzkagun helburuak lortzeko; Usurbil berdinzaleagoa, bizigarriagoa eta jasangarrigoa eraikitzen jarraitzeko" hain zuzen.

Irailean hasten dira lantzen ordenantza fiskalok. Honenbestez, aurreko hilabeteko EAE-ko KPIa-ren zenbatekoa hartzen dute erreferentzia gisa urtero. Uztailekoa hartu dute kontuan, lantzen hasi zirenean abuztukoa argitaratzeke zegoelako, udal gobernu taldetik urriaren 8ko osoko bilkuran argitu zutenez.

2026ko Usurbilgo zerga, tasa eta prezio publikoen igoera orokorra %3koa izango da. Halere, aurreko urteen antzera, zenbait salbuespen izango dira. Esteka honetan dituzue xehetasunak: 2026ko ordenantza fiskalen behin-behineko onarpena.

Aldaketak
Iazko abenduan onarturiko aurtengo ordenantza fiskalen baitan, bi aldaketa txertatzea hasieraz onartu zuen udalbatzak, iragan apirilaren 30eko osoko bilkuran: batetik, 2023an hasitako bideari jarraiki, ikastaroetako prezioak eguneratzea eta ikastaro berrientzat (skatea, OKI edo oreka, koordinazioa eta indarra, emakumezkoei zuzendutako oinarrizko indar entrenamendua eta entrenamendu funtzionala) prezio publiko berriak sortzea.

Behin-behinean hartutako erabaki hura jendaurrean jarri asmo zutela jakinarazi zuten. Hala izango da. Izan ere, maiatzaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Usurbilgo Udalak joan den hilabete amaieran udalbatzak hartutako erabaki hura.

Iragarki horren bidez ohartarazia duenez, erabaki hori aztertu nahiz erreklamazioak aurkezteko 30 laneguneko epealdia zabalik da hilaren 19tik zenbatzen hasita. "Jendaurreko informazio epea erreklamazio edo iradokizunik gabe igaroko balitz, erabakiak behin betikoak joko dira akordio berriak hartzen ibili gabe", berri eman du Udalak. 

Segidan duzue, bestalde, 2026rako onarturiko ordentza fiskalon egutegia:

2026ko ordenantza fiskalen egutegia

Zerga/Tasa

Ordain epea

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - aurreko urteko 4. hiruhilekoa

Urtarrilaren 2tik otsailak 2ra

Ura ,estolderia eta hondakinak - aurreko urteko 4. hiruhilekoa

Otsailak 2etik martxoak 2ra

Trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga

Martxoak 2tik apirilak 15ra

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 1. hiruhilekoa

Apirilak 1etik maiatzak 4ra

Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 1. hiruhilekoa

Maiatzak 4tik ekainak 1era

Ondasun higiezinen gaineko zerga

Maiatzak 15tik uztailak 1era

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 2. hiruhilekoa

Uztailak 1etik abuztuak 3ra

Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 2. hiruhilekoa

Abuztuak 3tik irailak 1era

Espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa)

Irailak 1etik urriak 1era

Ekonomi jarduera gaineko zerga

Urriak 1etik azaroak 2ra

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 3. hiruhilekoa

Urriak 1etik azaroak 2ra

Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 3. hiruhilekoa

Azaroak 2tik abenduak 1era

Bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...)

Azaroaren 2tik 30era

Emakida administratiboak (Atxega jauregia, udal baratzak...)

Azaroaren 2tik 30era

Haur Eskolaren hezkuntza zerbitzua

Hilaren 5ean (hilero)