Iaztik Usurbilgo anbulatorioak pediatria zerbitzu duina izatea eskatzen ari diren gurasoek urrats berria ematea erabaki dute. Duela astebete jakinarazi zuten moduan, zerbitzu hori kakotsen artean "berrezarri" dela zioten bai baina "ordu murriztuan, egonkortasunik gabe eta jarraikortasunik bermatu gabe".
Horregatik, onartezintzat jo zuten "osasuna “erdizka” eskaintzea, eta bereziki "haurren kasuan, arduragabea da halako zerbitzu prekario bat mantentzea. Gaur egungo egoerak ez ditu inolaz ere betetzen osasun publikoaren oinarrizko printzipioak: unibertsaltasuna, hurbiltasuna eta kalitatea". Horren harira, hiru eskaera plazaratu zituzten, hedabide honetara helarazitako ohar bidez. Batetik, "Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria zerbitzu osoa, egonkorra eta kalitatezkoa berehala bermatzea" galdegin zuten; bigarrenik, "orain arte hartutako erabakien inguruko azalpen argi, zehatz eta gardena ematea" eskatu zuten; eta, hirugarrenik, "egoera honen atzean dauden arduradunek erantzukizunak hartzea".
Egoera hau konpontzen ez den artean, "gurasook mobilizazio berriak eta presio neurriak areagotuko ditugula" jakinarazi zuten. Izan ere, "argi adierazten dugu: gure seme-alaben osasuna ez da murrizketa edo kudeaketa txarren menpe egon behar, eta egoera hau berehala zuzentzea eskatzen dugu".
"Urteko 261 lanegunetatik %37an"
Egoerak hoberantz egin ez duela ikusita, iragarritakoa betetzen hasi dira Usurbilgo anbulatorioak pediatria zerbitzu duina eskaintzeko borrokan ari diren gurasoak. Arartekoari bidaltzeko idatzia prestatu dute. Idatzi horrekin berarekin bat egiten duten herritarren izenean bidaliko dute. Honenbestez, gaur hasi eta ekainaren 5era arte idatzi hori sinatuz atxikimendua adierazteko aukera dago.
Sinadura orriok guztion eskura jarri dituzte Oiardo kiroldegian, anbulatorioan nahiz Sutegi udal liburutegian. Horrez gain, ostiral honetan, maiatzaren 29an, ikastolako irteera orduan, 16:30etan Agerialden izango dira baita, atxikimenduak biltzen.
Segidan duzue jada sinatu daitekeen idatzia bere osotasunean. "Idatzi honen bitartez, eta berau sinatzen dutenen izenean, kexa formala aurkezten dugu Arartekoaren aurrean, gure herriko haurrak azken urtean jasotzen ari diren pediatria zerbitzuaren egoera ezegonkor iraunkorra dela eta". Zerbitzu horrek urteotan izandako gorabeheren berri jaso dute idatzi horretan. Horien artean, nabarmentzeko datu bat; "2025eko apirilaren 1etik urtebeteko epean, haurrak artatzeko eta diagnostikatzeko prestakuntza duen profesional baten presentzia 98 lanegunetan bakarrik bete da. Hau da, urteko 261 lanegunetatik %37an".
Egoera hori Usurbilgo 0-14 urte arteko 663 haurrei eta gaztetxoei eragiten ari zaiola ohartarazi dute baina ez haiei soilik. Izan ere, "gure herrian eskaintzen diren lehen mailako arreta zerbitzuen okertze sistematikoa da", salatu dutenez.
Testuinguru horretan, idatzi horren bidez, Arartekoari hiru eskaera egin nahi zaizkio: batetik, "egoera berehala azter dezala; bigarrenik, "Osakidetzari informazio gardena eta zehatza eskatu diezaiola; eta, azkenik, "Usurbilen osasun arreta zerbitzu egonkor eta nahikoa bermatzeko esku-hartze irmoa bultza dezala".
Urtea bete da
Gogoan izango duzuen moduan, iaz hasi ziren mobilizatzen, herriko osasun-etxea bost bat hilabeteetan pediatrarik gabe izan ostean. Iraila amaieran, mozioa erregistratu zuten udaletxean eta hilabete amaiera hartako osoko bilkuran aurkeztu zuten, gerora, udalbatzak onarturikoa.
Aurten, urte hasieran ere, urtarrilaren 12az geroztik, zerbitzu hau etenda izan zen. Egiturazkoa den plaza hori berehala betetzeko erreklamazio bateratua aurkeztu zioten Osakidetzari Usurbilgo hainbat familia eta herrikideek. Eskaera harekin bat egin zuen baita Usurbilgo Udalak ere. Egoera horren ondorioez ohartarazi zuten: "diagnostiko eta tratamenduetan atzerapenak, prebentzio-kontrolen murrizketa, Lasarteko osasun zentroaren gainkarga eta, batez ere, familien eguneroko bizitzan eta kontziliazioan eragin zuzena".
Arartekoari zuzendutako idatzia
Gaia: Usurbilgo anbulatorioko pediatria-zerbitzu eskas eta irregularrari buruzko kexa formala
Idatzi honen bitartez, eta berau sinatzen dutenen izenean, kexa formala aurkezten dugu Arartekoaren aurrean, gure herriko haurrak azken urtean jasotzen ari diren pediatria zerbitzuaren egoera ezegonkor iraunkorra dela eta.
2025eko urte hasieratik, Usurbilgo anbulatorioan haurren artapena modu ezegonkor eta irregularrean ematen ari da. Egoera hau ez da salbuespena, baizik eta azken urtean zehar etengabe errepikatu den arazo sistematikoa.
2025eko apirilaren 1etik urtebeteko epean, haurrak artatzeko eta diagnostikatzeko prestakuntza duen profesional baten presentzia 98 lanegunetan bakarrik bete da. Hau da, urteko 261 lanegunetatik %37an.
Usurbilen 0-14 urte arteko 663 haurrek dute pediatria zerbitzua erabiltzeko eskubidea. Aurreko datu horiek kontuan hartuta, azken urtean, beraz, gure herriko haur bakoitzak 1,03 orduko arreta jasotzeko aukera baino ez du izan gure herriko anbulatorioan. Zerbitzurik eskaini ez duen egunetan eman zaigun alternatiba Lasarte-Oriako anbulatorioan artatuak izatea edo larrialdi zerbitzuetara joatea izan da.
Azpimarratu nahi dugu, gainera, egoera ezegonkor hau ez dela pediatria zerbitzuetara bakarrik mugatzen ari: gure herrian eskaintzen diren lehen mailako arreta zerbitzuen okertze sistematikoa da. Itxaron-zerrendak luzatu dira, profesionalen rotazioa handitu da eta arreta-kalitatea nabarmen jaitsi da. Ondorioz, Usurbilgo familiek oinarrizko osasun-eskubideak urratuta ditugu.
Horregatik, Arartekoari eskatzen diogu:
-Egoera berehala azter dezala.
-Osakidetzari informazio gardena eta zehatza eskatu diezaiola.
-Usurbilen osasun arreta zerbitzu egonkor eta nahikoa bermatzeko esku-hartze irmoa bultza dezala.
Usurbilen, 2026ko maiatzaren 28an