6. Uxue Trail

Dj Gorka Mendik eta Zumartek gogotik musikatu dute lasterketa solidarioa

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 14a

6. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioa inoiz baino musikatuagoa izan da. Izan ere, Dj Gorka Mendik frontoi buelta girotu du hitzordu hasieratik. 2025-26 ikasturtea agurtzeko ziklo betean den Zumartekoak batu zaizkio ekimenaren amaieran. Usurbilgo nahiz Altsasu eta Iruñeako saxo taldeak egitekoa zuen kalejirak lasterketaren bukaerarekin bat egin du.

Igande honetako, ekainaren 14ko, 6. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioak osagai ezberdinak izan ditu; tartean, ekimen musikatua ere izan da. Goizean zehar, DJ Gorka Mendik girotu du eta eman dio oihartzuna elkartasun hitzordu honi, frontoiko bozgorailuetatik bertatik entzungai jarritako abesti ezagunekin.

Probaren amaieran, bestalde, ezusteko bisitariak izan ditu mendi lasterketa solidarioak. Gogoan izan, 2025-26 ikasturtea agurtzeko emanaldien ziklo betean da Zumarte Musika Eskola, ekainaren 10az geroztik hilaren 18ra arte. Igande honetan, hilaren 14an, kalejiran irtetekoak ziren Zumarteko bertako saxo taldeak, Altsasu eta Iruñeakoekin batera.

Kalejira horren baitan, frontoian egin dute geldialdia eta Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioa musikatu dute tarte batez. DJ Gorka Mendiren abestiekin fusionatu dute haien saioa.

Gaurkoaz gain, Zumartekoek beste bi kontzertu iragarriak dituzte datorren asterako, udako oporraldian murgildu aurretik:

Zumartekoen ikasturte amaierako kontzertuak
Ekainak 17, asteazkena
18:30 Zumarte Gazte abesbatza eta Kantu Teknikako ikasleen kontzertua Sutegiko auditoriumean.

Ekainak 18, osteguna
17:30 Musika Txokoa, Musika Mintzaira eta instrumentuetako ikasleekin kalejira Zumartetik abiatuta.

Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.