Lan deialdia
NOAUA! Kultur Elkarteak banatzaileen taldea osatu nahi du. Ondorioz, banatzaile bila dabil. Astean 8 ordurako (%21,6ko jarduna) kontratatu nahi da. Ordutegi malgutasuna eskainiko da, alegia, norberak ordutegi hori antolatzeko aukera izango luke. Astean zortzi orduko lanaldian nahiz bi astetik behin hamasei ordutan aritu ahalko luke.
Deialdi horretan interesa izan dezaketenek, Usurbil ezagutzea, euskalduna eta irailean hasteko prestasuna izatea aintzakotzat hartu beharko dute. Irailean hasteko, uztailean ikastaldia egin beharko luke. Curriculumak elkartea@noaua.eus helbidera helarazi beharko dira.
Oporraldi aurreko azken aldizkaria
Aste honetan postontzian jasoko duzuena edo web orrialde honetan bertan, pdf formatuan irakurtzeko moduan izango zaretena, udako oporraldi aurreko azkenaurreko astekaria izango da. 1083. zenbakiaren ondotik, 1084. NOAUA! astebete barru jasoko duzue. Udako etenaldi aurreko azkena izango da. Ordurako oharrik baduzue, ohiko bideotatik helarazi ahalko duzue:
erredakzioa@noaua.eus
943 360 321
Bordaberri 3, behea
Udako oporraldi osteko lehen aldizkaria, irailaren 4an argitaratuko dugu.
Bazkidetza
NOAUA! K.E.-ren bazkide izateak hainbat onura ditu; horien artean, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.
Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue edota web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean hain zuzen.
"Ikimilikiliklik Vol.2"
Loraldiaren "Ikimilikiliklik Vol.2" emanaldia antolatu dute 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak eta 30 urte betetako NOAUA! Kultur Elkarteak uztailaren 18an, gaueko 22:30etan Dema plazan. Sarrera doakoa izango da.
Duela 50 urte Usurbilekin lotura estua izandako sorkuntza lan hau plazaratu zuten Mikel Laboak, Artze anaiek, Jose Luis Zumetak... Bakoitzak zekienetik eginez, askotariko arte diziplinak uztartu zituzten ikuskizun berritzaile hartan; musika, poesia, ikus-entzunezkoak, artea, txalapartaren erabilera berri bat... Urrutira heldu ziren. "Sormen honekin Veneziako Bienalera bidaiatu zuten eta nazioarteko onespena jaso zuten".
Mende erdi geroago, "Loraldiak garai hartako esperimentazio joera bereganatuko du eta ikuskari berri bat aurkeztuko du; XXI. mendeko Ikimilikiliklik". Hala, "Ikimilikiliklik berrikusi, berrasmatu, birmoldatu nahi dugu belaunaldi ezberdinetako puntako musikariekin". Jatorrizkoan bezala, "kultur-diziplina ezberdinen uztarketan oinarrituko da lana: musika, arte-lanak, antzezpena eta ikus-entzunezkoak".
Eguna: uztailak 18, larunbata.
Ordua: 22:30.
Tokia: Dema plaza.
Gaia: Laboaren eta Artzeren mundu artistikoa gaurko begiradatik.
Iraupena: 90 minutu.
Sarrera: doan.
Antolatzaileak: 650 Usurbil Bizi eta NOAUA! Kultur Elkartea.
Jatorrizko sortzaileak:
-Abestiak: Mikel Laboa.
-Poesia: Joxean Artze.
-Arte-lanak: Jose Luis Zumeta.
Gaur egungo jokalariak:
-Ekoizpena: Loraldia.
-Zuzendaria: Edurne Azkarate.
-Zuzendari laguntzailea: Mikele Urroz Zabalza.
-Sortzaileak eszenan: Iñaki Salvador / Oreka Tx (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro) / Libe Kortazar / Intza Alkain / Itziar Garaluce
-Testu berriak: Intza Alkain / Itziar Navarro / Edurne Azkarate
-Zuzenezko ikus-entzunezkoak: Itziar Garaluce
-Argi teknikaria: Vanesa Santos.
-Soinu teknikaria: Mikel F. Krutzaga.
-Jantzitegia: Idoia Beratarbide.
Ekoizpen taldea, Loraldia Koop. Elk. Txikia:
-Zuzendaritza artistikoa: Imanol Agirre.
-Ekoizpena: Aitor Narbaiza.
-Komunikazioa: Amaia Ocerin.
-Kudeaketa: Mikeldi Uribe-Etxebarria.
