Hurrengo aldizkaria
Uztailaren 17ko astean, postontzian jasotakoa edo web orrialde honetan bertan, pdf formatuan irakurtzeko moduan izango zaretena, udako oporraldi aurreko azken astekaria izan zen. 1084. zenbakiduna da egunotan argitaraturikoa. Hurrengo asteotan ez da aldizkaririk izango. 1085. NOAUA! irailaren 4an argitaratuko dugu. Ordurako oharrik baduzue, bideotatik helarazi ahalko duzue:
erredakzioa@noaua.eus
943 360 321
Bordaberri 3, behea
Web orrialde honi eta sare sozialei dagokienean, datozen Usurbilgo herri eta auzoetako jaietan zehar eguneratzen segiko dugu. Gainerakoan, abuztuan zehar etenda egongo da.
Hurrengo ospakizuna
Dakizuenez, 30 urte bete ditu NOAUA! Kultur Elkarteak. Uztailaren 18an Dema plazan 650 Usurbil Bizi herri egitasmoarekin lankidetzan eskainitako "Ikimilikiliklik Vol.2" ikuskizunarekin ospatu zuen bilgune honek aipatu urteurren hori. Duela 50 urte Artze anaiek, Jose Luis Zumetak edota Mikel Laboak ondutako ikuskizun haren 50. urtemugaren harira, beste sortzaile talde batek emanaldi berritua plazaratu zuen, irudi, hitz eta askotariko soinuen bidez.
Ez da, ordea, kultur elkartearen 30. urtemugaren harira antolaturiko ekintza bakarra izango. Izan ere, uda osterako, irailaren 26rako iragarri du urteurren honi lotutako hurrengo hitzordua. Potxoenea ondoko Olanoenea plazan egingo da, arratsaldeko 19:00etan. "Idoia Torregaraik gidatuko duen ikuskizunean umorea izango da ardatz. Ospakizun berezia izango da: xumea, gertukoa eta goxoa, urte hauetan guztietan eraiki dugun guztia elkarrekin ospatzeko. Eta amaieran, nola ez, topa egingo dugu! Edalontziak eta sagardoa gure kontu".
NOAUA! Kultur Elkartetik hitzordura joateko gonbita egin da. "Urte hauetan guztietan NOAUA!ren bidelagun izan zareten bazkide, irakurle, eragile eta lagun guztiak elkartu nahi zaituztegu".
Bazkidetza
NOAUA! K.E.-ren bazkide zaretenoi urteroko kuota kobratuko zaizue egunotan. Horren harira, kultur elkartetik nabarmendu moduan, "30 urte egin ditugu eta beste 30 egin nahi ditugu. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da zu bezalako bazkideen babesa eta laguntza. Eskertu nahi dizuegu 30 urte hauetan gure alboan izan zaretelako baina seguru gaude gehiago ere izan gaitezkeela. Horretan lagundu nahi? Nola? Oraindik Noauakide ez diren auzokideak, lagunak, lankideak... animatu itzazue elkarteko bazkide egitera. Horretarako, gure webgunea erabili dezakete, telefonoz deitu edo bulegora bertara etorri".
Bazkide izateak hainbat onura ditu; horien artean, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.
Bazkidetza Bordaberri 3ko kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue, telefonoz (943 360 321 telefono zenbakian) edota web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean hain zuzen.