Oporraldi osteko lehen aldizkaria
Uztailaren 17an argitaraturiko 1084. zenbakidun aldizkariaren ondotik, hurrengoa, 1085. NOAUA! irailaren 4an argitaratuko dugu. Ordurako oharrik baduzue, bideotatik helarazi ahalko duzue, abuztuaren 31 baino lehen:
erredakzioa@noaua.eus
943 360 321
Bordaberri 3, behea
Eskola Kirolerako hezitzaile bila
Usurbilgo Eskola Kirolean lanean aritzeko hiru hezitzaile behar dira. Horietako batek heziketa berezian jardun beharko du. Bidali curriculum-a elkartea@noaua.eus helbidera edo utzi ezazu NOAUA!ko egoitzan irailaren 15a baino lehen.
Zirimarako sustatzaileek egin duten deialdi hau lan-poltsa osatzeko ere baliatuko da, eta ondorengo kontratazioak egiteko poltsa hori bera hartuko da kontuan. Lanaldia urriaren 1etik ekainaren 15era artekoa izango da.
Hezitzaile berriek Zirimara proiektuko gainerako hezitzaileekin batera egingo dute lan. Astean 5’6 eta 7’4 ordu arteko lan-kontratua egingo zaie. Informazio gehiago, esteka honetan klikatuta jaso ahalko duzue: Zirimararen lan deialdia
30. urtemugako ospakizuna
Dakizuenez, 30 urte bete ditu NOAUA! Kultur Elkarteak. Uztailaren 18an Dema plazan 650 Usurbil Bizi herri egitasmoarekin lankidetzan eskainitako "Ikimilikiliklik Vol.2" ikuskizunarekin ospatu zuen bilgune honek aipatu urteurren hori. Duela 50 urte Artze anaiek, Jose Luis Zumetak edota Mikel Laboak ondutako ikuskizun haren 50. urtemugaren harira, beste sortzaile talde batek emanaldi berritua plazaratu zuen, irudi, hitz eta askotariko soinuen bidez.
Ez da, ordea, kultur elkartearen 30. urtemugaren harira antolaturiko ekintza bakarra izango. Izan ere, uda osterako, irailaren 26rako iragarri du urteurren honi lotutako hurrengo hitzordua. Potxoenea ondoko Olanoenea plazan egingo da, arratsaldeko 19:00etan. "Idoia Torregaraik gidatuko duen ikuskizunean umorea izango da ardatz. Ospakizun berezia izango da: xumea, gertukoa eta goxoa, urte hauetan guztietan eraiki dugun guztia elkarrekin ospatzeko. Eta amaieran, nola ez, topa egingo dugu! Edalontziak eta sagardoa gure kontu".
NOAUA! Kultur Elkartetik hitzordura joateko gonbita egin da. "Urte hauetan guztietan NOAUA!ren bidelagun izan zareten bazkide, irakurle, eragile eta lagun guztiak elkartu nahi zaituztegu".
Bazkidetza
NOAUA! K.E.-ren bazkide izateak hainbat onura ditu; horien artean, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.
Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue edota web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean hain zuzen.