Egutegi fiskala

Hurrengo tasa ordaintzeko garaia

Noaua Aldizkaria 2026ko irailaren 1a

Urte hasieratik indarrean diren 2026ko ordenantza fiskalen baitan, bide publikoa erreserbatzeari lotutako tasa ordaintzeko garaia heldu da, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez.

Indarrean dira urtarrilaren 1az geroztik, 2026. urte honetarako Usurbilgo Udalak onarturiko zerga, tasa eta prezio publikoak. Horiek ordaintzeko egutegi fiskala ere onartua du Udalak. Egutegi horri erreparatuta hain zuzen, "bide publikoa erreserbatzeagatik dagokion tasaren errolda" onartu du Usurbilgo Udalak abuztuaren 26ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazitakoaren arabera. Hilabetez izango dute jendaurrean.

Tasa hori borondatez ordaintzeko epealdia ere finkatua du Udalak; irailaren 1etik urriaren 1era artekoa izango da hain zuzen.

Urte amaieran onartuak
Urte hasieratik indarrean dira jada, aipatu moduan, 2026. urte honetarako ordenantza fiskal berriak. Udalbatzak abenduaren 5ean eginiko ezohiko osoko bilkuran onartu zituen behin betiko eta aho batez. Erabakia abenduaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren (GAO) bidez argitaratu zuten. Esteka horretan dituzue ordenantza fiskal horiei buruzko xehetasunak: abenduaren 17ko GAO. Honenbestez, indarrean dira Udalak urte berri horretarako onarturiko zerga, tasa eta prezio publikoak.

%3a
Ordenantza fiskalen bidez, "helburua bada, diru-sarrera horien bidez herritarrei ahalik eta zerbitzu publiko onena eskaintzea, herritarren beharrak eta udalaren diru-sarreren arteko finantza oreka bermatuz". Horrekin batera, bitarteko gisa ikusten du ordenantza hori udal gobernu taldeak, "Usurbilerako dauzkagun helburuak lortzeko; Usurbil berdinzaleagoa, bizigarriagoa eta jasangarrigoa eraikitzen jarraitzeko" hain zuzen.

Irailean hasten dira lantzen ordenantza fiskalok. Honenbestez, aurreko hilabeteko EAE-ko KPIa-ren zenbatekoa hartzen dute erreferentzia gisa urtero. Iazko uztailekoa hartu zuten kontuan, lantzen hasi zirenean abuztukoa argitaratzeke zegoelako, udal gobernu taldetik urriaren 8ko osoko bilkuran argitu zutenez.

2026ko Usurbilgo zerga, tasa eta prezio publikoen igoera orokorra %3koa izan da. Halere, aurreko urteen antzera, zenbait salbuespen izango dira. Esteka honetan dituzue xehetasunak: 2026ko ordenantza fiskalen behin-behineko onarpena.

Aldaketak
Iazko abenduan onarturiko aurtengo ordenantza fiskalen baitan, bi aldaketa txertatzea hasieraz onartu zuen udalbatzak, iragan apirilaren 30eko osoko bilkuran: batetik, 2023an hasitako bideari jarraiki, ikastaroetako prezioak eguneratzea eta ikastaro berrientzat (skatea, OKI edo oreka, koordinazioa eta indarra, emakumezkoei zuzendutako oinarrizko indar entrenamendua eta entrenamendu funtzionala) prezio publiko berriak sortzea.

Behin-behinean hartutako erabaki hura maiatzaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Usurbilgo Udalak. Iragarki horren bidez ohartarazia duenez, erabaki hori aztertu nahiz erreklamazioak aurkezteko 30 laneguneko epealdia izan zen. Halakorik egon ez zenez, "uztailaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez" behin betiko onartu zituen Udalak.

Segidan duzue, bestalde, 2026rako onarturiko ordentza fiskalon egutegia:

2026ko ordenantza fiskalen egutegia

Zerga/Tasa

Ordain epea

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - aurreko urteko 4. hiruhilekoa

Urtarrilaren 2tik otsailak 2ra

Ura ,estolderia eta hondakinak - aurreko urteko 4. hiruhilekoa

Otsailak 2etik martxoak 2ra

Trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga

Martxoak 2tik apirilak 15ra

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 1. hiruhilekoa

Apirilak 1etik maiatzak 4ra

Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 1. hiruhilekoa

Maiatzak 4tik ekainak 1era

Ondasun higiezinen gaineko zerga

Maiatzak 15tik uztailak 1era

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 2. hiruhilekoa

Uztailak 1etik abuztuak 3ra

Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 2. hiruhilekoa

Abuztuak 3tik irailak 1era

Espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa)

Irailak 1etik urriak 1era

Ekonomi jarduera gaineko zerga

Urriak 1etik azaroak 2ra

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 3. hiruhilekoa

Urriak 1etik azaroak 2ra

Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 3. hiruhilekoa

Azaroak 2tik abenduak 1era

Bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...)

Azaroaren 2tik 30era

Emakida administratiboak (Atxega jauregia, udal baratzak...)

Azaroaren 2tik 30era

Haur Eskolaren hezkuntza zerbitzua

Hilaren 5ean (hilero)