"Aitz eta Andatz izeneko kluster eolikorako" administrazio-baimena galdegin du Alerion Spain, SL.-ek. Hala jakinarazi du, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Gipuzkoako lurralde-ordezkariak, ostegun honetako, azaroaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Orain, hogei eguneko epealdia zabalduko da, "parke eoliko hori ezarri eta ustiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek lehia-eskabidea aurkeztu dezaten Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan edo izapidetze elektronikoaren plataformaren bidez".
Iragarki hau plazaratu dute, "lehia posible baten ondorioetarako".
Bi aerosorgailu
"Aitz eta Andatz izeneko kluster eolikoa" Aiako, Zizurkilgo eta Usurbilgo udal-mugarteetan kokatu nahi dute.
Guztira, bi haize-sorgailu eraikitzeko administrazio-baimena galdegin du Alerion Spain, SL.-ek, 9,9 megawatteko potentziarekin. Enpresa berak iaz Aramaio eta Eskoriatza artean gauza bera, 9,9 megawatteko potentziadun bi aerosorgailu eraikitzeko eskaera egin zuen baita, Goiena herri hedabideak berri emandakoaren arabera, aurretik, Espainiako Gobernuak "Statkraft enpresak aurkeztutako Itsaraz proiektua" atzera bota ostean, "ingurumenean eduki zitzakeen ondorioak oinarri hartuta", bertako Aramaixo Bizirik taldeak adierazitakoaren arabera. Toki berean, Alerion Spain S.L. enpresak bi aerosorgailu eraikitzeko eskaera egin zuen iaz aipatu moduan.
Geure inguruan ere antzeko egoeran gara. Gogoan izan, Green Capital Development enpresak 2022ko urtarrilaren 24an “aurretiazko administrazio-baimena” eskatu zuen Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko. 200 metroko lau aerosorgailu eraiki asmo zituzten. Horrek ekar zitzakeen kalteez ohartarazi eta egitasmoa gerarazteko sortu zuten Andatza-Ezkeltzu Bizirik herri plataforma. Gaia pil-pilean zela, besteak beste, txangoa antolatu zuen 2023ko ekainean eremura bertara. Parke eolikoak "babestu nahi dugun ondare natural eta kulturala" arriskuan jar zezakeela salatu zuten bisita gidatu hartan. Izan ere, "paisaia eta kultura aldetik balio handikotzat" jotzen den eremuan eraiki asmo zuten instalakuntza hori.
Gaiak zenbait urteetako bide gorabeheratsua izan ostean, momentuz aurrera ez zuela joko jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzak Usurbilgo Udalari 2024ko azaroaren 19an kaleraturiko ebazpenaren bidez.