#A29

Kartelak itsatsiz ekin dio EH Bilduk hauteskunde kanpainari

Noaua Aldizkaria

Gauerdiaz geroztik abian den azaroaren 29ko hauteskundeetarako kanpainari kartelak itsatsiz ekin dio EH Bilduk Usurbilen.

Herritarren botoa eskatzeko epealdi ofiziala zabalik dute, datozen hauteskundeetara aurkezturiko eragile politikoek. Izan ere, gauerdiaz geroztik abian da Espainiako Gorteak berritzeko azaroaren 29ko bozketa egunari begirako kanpaina.

Usurbili dagokionean, jarriak daude udalerri honetako ohiko tokietan (Kalezarren, Zubietan, Atxegalden, frontoian, Aginagan...) eragile politikoek haien kartelak eransteko panelak. Panel horietan kartelak itsasten hasiak dira. Haietako hainbatetan ikusi ditugu EAJ-k jarri dituenak.

EH Bilduk ostiral iluntze honetan, herri erdigunean barrena eginiko biraren baitan aritu da ipintzen kartelok. "Usurbilen posible egin" aldarripean, hitzordu horrekin abiarazi dute hilaren 27ra arte luzatuko den hauteskunde kanpaina.

Posta bidezko botoa eskatzeko aukera
Gogoan izan, posta bidezko botoa eskatzeko epealdiak zabalik jarraituko du, azaroaren 19ra arte. Modalitate horretan bozkatzeko dokumentazioa jaso ostean, azaroaren 26rako tartea izango da modu horretan botoa emateko.

Correoseko bulegoetan tramitatu dezakezue posta bidez bozkatzeko eskaera, nortasun agiria edo norbere burua identifikatzeko baliokidea den dokumentua aurkeztuta. Bestela, telematikoki ere egin ahalko da eskaera helbide honetan: correos.es

Hautagai-zerrendak
Hauteskundeotan lehiatuko diren hautagai-zerrendak ezagutzera eman zituzten antolaketa lanetan diharduten batzordeek, urriaren 28ko Estatuko Aldizkari Ofizialaren bidez. Bi erakunde berrituko dira hitzordu horren bidez; Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua. Usurbildarrek Gipuzkoak erakundeotan izango duen ordezkaritza erabakitzen lagundu ahalko dute. Herrialde honi dagokionean, Diputatuen Kongresuan sei eserleku izango ditu Gipuzkoak. Horiek ordezkatzeko hamaika hautagai-zerrenda lehiatuko dira: EHBildu, PSE-EE, EAJ-PNV, PACMA, Frente Obrero, Aulki Zuriak, VOX, Podemos, PP, PCTE eta Frente Amplio. Senatuan, aldiz, lau eserleku izango ditu Gipuzkoako ordezkaritzak. Horiek eskuratzeko zortzi hautagai-zerrenda lehiatuko dira: EH Bildu-ERC, EAJ-PNV, PACMA, Aulki Zuriak, Podemos, PCTE, SDP (PSOE-EZAN IU-MS) eta VOX.

Hautesleku berria
Gipuzkoako nahiz herrialde barruko eskualde guztietako hauteskunde batzordeak eratu ziren urria erdialdean, hilaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak jakinarazi moduan. Bi egun lehenago, hilaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak, Estatistikako Institutu Nazionalak argitaraturiko oharraren bidez "Hauteskundeetarako Sekzio, Hauteskunde-Mahai eta Hauteslekuen zerrenda" plazaratu zuen. Berrikuntzak iragarri zituzten. Izan ere, ohi bezala, udalerri honek zortzi hautesleku izango ditu azaroaren 29ko bozketa egunean.

Norbera non dagoen erroldatua, horren arabera, segidan agertzen den taulako guneotako batera jo beharko du botoa ematera. Oraingo honetan, ordea, zortzi hautesleku horietatik bi, orain arte Kalezarko haur eskolan egokitu izan direnak Ugartondon, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan kokatuko dira, haur eskolaren eraikina birgaitze lanetan dute eta.

Gainerakoan, ohiko tokietan bozkatu ahalko da. Hiru hautesleku Udarregi ikastolako eraikin gorriko erdiko aretoan ezarriko dira eta beste hautesleku bana Santuenea Kultur Elkartearen egoitzan, Aginagako Herri Ikastetxean eta azkena, Zubieta Lanbide Eskolan.

Zubieta, dakizuenez, bi udalerrietako lurretan da; Usurbilgoan zein Donostiakoan. Aurreko deialdietan egin izan duten moduan, bi hautesleku izango ditu honenbestez; bat, Usurbil aldekoa, Zubieta Lanbide Eskolan, eta bestea, Donostia aldekoa, Zubietako Herri Ikastetxean.

Udalerria

Barrutia

Saila

Azpisaila

Mahaia

Letrak

Hauteslekua

Hauteslekuaren helbidea

USURBIL

01

001

 

A

AI

UDARREGI IKASTOLAKO ERDIKO ARETOA

GERNIKA IBILBIDEA 11

USURBIL

01

001

 

B

JZ

UDARREGI IKASTOLAKO ERDIKO ARETOA

GERNIKA IBILBIDEA 11

USURBIL

01

002

01

A

AZ

SANTUENEA KULTUR ELKARTEAREN EGOITZA

SANTU-ENEA AUZOA 12 (URDAIAGA)

USURBIL

01

002

02

B

AZ

AGINAGA HERRI IKASTETXEKO PSIKOMOTRIZITATE GELA

ERRIBERAKO KALEA 7 (AGINAGA)

USURBIL

01

003

01

A

AI

TXIRIKORDA ERAIKINA

LAKIZAR KALEA 2

USURBIL

01

003

01

B

JZ

TXIRIKORDA ERAIKINA

LAKIZAR KALEA 2

USURBIL

01

003

02

C

AZ

LANBIDE-ESKOLA

ZUBIETA AUZOA 9 (ZUBIETA)

USURBIL

01

004

 

U

AZ

UDARREGI IKASTOLAKO ERDIKO ARETOA

GERNIKA IBILBIDEA 11

 

DONOSTIA

06

012

02

B

AZ

 ZUBIETA IKASTETXE PUBLIKOA

LEARRITZA PASEALEKUA 52 (ZUBIETA)


Egutegia
Hona hemen, azaroaren 29ko hauteskundeei begirako hitzordu nagusien egutegia:
-Azaroak 13-27: hauteskunde kanpaina.
-Azaroaren 19ra arte: posta bidez bozkatzeko eskaera Correosen.
-Azaroak 25: posta bidez bozkatzeko azken eguna.
-Azaroak 28: hausnarketa eguna.
-Azaroak 29: bozketa eguna, 09:00-20:00 artean.
-Abenduak 23: Diputatuen Kongresua eta Senatua osatzeko ekitaldiak 10:00etan.

Erlazionatuak