"Erantzunik Bortitzena", Izan Bai taldearen bigarren diskoaren aurrerapena

Noaua Aldizkaria

2027an kaleratuko du Izan Bai musika taldeak bere bigarren diskoa. Haren aurrerapen kanta sareratu dute; "Erantzunik Bortitzena" izenekoa.

Lan berria kaleratzear du Izan Bai taldeak. Zumaiako Ozen estudioan grabatu dute. 2027an plazaratuko dute, baina haren aurrerapena eskaintzen hasiak dira jada. Izan ere, “Erantzunik Bortitzena” izeneko aurrerapena sareratu dute.  Ixak Arrutik (ahotsa eta gitarra), Ibon Aginagak (gitarra), Urtzi Olaziregik (baxua) eta Martin Larrañagak (bateria) disko berria hurrengo urtean argitaratuko duten arren, Izan Bai taldeak Youtuben duen kanalean duzue entzungai aurrerapen kanta.

Abesti hori, lehenbiziko aldiz, Usurbilgo jaietako kontzertuan eskaini zuten, uztailaren 4an. Emanaldi hura grabatu egin zuten. Kontzertuko irudiekin osatuko dute kantaren bideoklipa. Ikus-entzunezkoa H Produkzioak-ek grabatu zuen eta Oihana Rodriguezek editatu du. Kontzertu osoko grabazioa urte amaierarako sareratu asmo dute.

Horrez gain, Usurbilgo jaietako kontzertuko beste bi kanten bideo ere ikus ditzakezue aipatu taldearen Youtubeko kanalean; Arruti eta Larrañaga kide zituen Mendeku Itxuaren “Barne borroka” eta “Izan genuena” kantenak hain zuzen.

"Dena Galdu Baino Lehen"
2025. urte hasieran izan genuen lehenbiziko aldiz haien berri. "Dena Galdu Baino Lehen" izena du haien estreinako lanak. 2024ko udazkenean zehar, zenbait aurrerapen kantu eta bideoklip plazaratu ostean, iazko urtarrila amaieran kaleratu zuen haien lehen diskoa. Hilabete geroago estreinako kontzertua eskaini zuten Aginagako Eliza Zaharrean. Iazko udazkenean, bestalde, ordura arte eginiko ibilbidea ikusgai jartzea erabaki zuen Izan Bai musika talde berriak. "Dena Galdu Baino Lehen" izeneko lehen diskoaren sorkuntza prozesua iruditan bildu eta dokumental moduan, ibilbide hori nolakoa izan zen erakusgai jarri zuen. Ia ordu-erdiko ikus-entzunezkoa taldeak Youtuben duen kanalean ikusi eta entzun dezakezue.