Nolako harrera herria gara?

[GERTUTIK] Nolako harrera herria gara? bideopodkastaren lehen atala

Erredakzioa

Mundualdiak toki bat egin du Usurbilgo agendan. Egun seinalatuaz haratago, abegikorrak al dira usurbildarrak? Galdera honekin hurbildu gara adituak eta arituak direnengana, eta gai potoloak izan ditugu hizpide: migrazioa, aniztasuna, bizikidetza eta komunitatearen eraikuntza. “Nolako harrera herria gara?” izenburupean ekoiztu dugun podkast honetan, hausnarketa eta ikuspegi ezberdinak topatuko dituzue. 

Azaroaren 5ean, Usurbil jatorri eta kultura aniztasunaren isla izan zen.
Frontoian ipinitako postu ezberdinetan, Sáhara, Nikaragua, Mongolia, Nigeria, Venezuela, Ekuatore Ginea, Mauritania, Kolonbia, Kuba, Ukraina, Polonia eta Argentina ordezkatuak egon ziren. Mimo handiz prestatu zituzten haien herrialdeetako jakiak eta, prestatutakoa, eskuzabal eskaini zuten ondoren, frontoira hurbildutako bisitari guztien artean.

Usurbil guztien isla izateko intentzio argia du ospakizunak. Azken urteetako errolda datuek hain zuzen, jatorri desberdinetatik etorritako herritar berrien kopuruak gora egin duela diote. Agurtzane Solaberrieta alkateak Mundualdian eskaini zuen hitzaldian nabarmendu zuen moduan, "jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta, orohar, identitate aniztasunaren kudeaketa, erronka handia da Usurbilentzat".

 

Kolektibotasun berri bat helburu

Alkatearen esanetan, kolektibotasun berri bat eraikitzea litzateke xedea, “soilik, modu horretan izango gara herri solidarioagoa, aktiboagoa, kohesionatuagoa eta integratzaileagoa".


Hausnarketa honi lotuta, galdera bat datorkigu burura: Eta Usurbil? Nolako harrera herria da Usurbil? Gai honetan adituak eta arituak direnengana jo dugu erantzun eske. Ianire Huizi Audikana Parekidetasun eta Aniztasun teknikaria da, Julen Bengoetxea Zabalduz kooperatibako kide da, Libe Agirre HarEman egitasmoko boluntarioa izan zen eta Alex Tello gizarte hezitzailea da Donostiako Abegi aterpetxean.

Gonbidatu hauekin guztiekin migrazioa, integrazioa, elkarbizitza eta aniztasuna izan ditugu hizpide eta gako eta hausnarketa ugari eskaini dizkigute. Solasaldi guztiak "Nolako harrera herria gara?" izenarekin bataiatu dugun podkastean aurkituko dituzue.