Etenik gabe ari dira Zubieta gainean, dagoeneko leku askotatik begi bistakoa dugun erraustegia eraikitzen. Lanak azken txanpan dituzte jada, ondoko irudietan ikus dezakezuenez.
Gipuzkoako Foru Aldundiak finkatua duen egutegia kontuan izanda, aurtengo urrian instalakuntza osoa martxan izatea aurreikusten du. Lanak noski, lehenago amaitu nahi dituzte, ekainerako. Ekainetik urrira erraustegia probetan izan nahi dute.
Edozein kasutan, instalakuntza lehenago hasiko da hondakinak jasotzen, Foru Aldundiak dituen aurreikuspenen arabera, hilabete honetan bertan edota apirilean. Honenbestez, ondorioztatu daitekeenez, instalakuntzaren zati bat asteotan jar dezakete martxan.
Gogoan izan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek martxoaren 6an onartu zuten gehiengo osoz hain zuzen, Zubietako erraustegian oinarrituriko 2019-30 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plana. Plan hau babestu zuten EAJ, PSE eta PPk. Aurka bozkatu zuten EHBilduk eta Ahal Dugu Podemosek.