Erraustegia ekainerako eraikia, udan probetan eta urrirako martxan izatea aurreikusten du Foru Aldundiak

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 27a, 14:15

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, aurreikusitako epeak betetzen doaz. Erraustegia eta Zubieta gaineko gainerako instalakuntzen eraikuntza lanak ekainerako amaituak izatea espero dute, udan probaldi fasean eta urrirako martxan.

Etenik gabe ari dira Zubieta gainean, dagoeneko leku askotatik begi bistakoa dugun erraustegia eraikitzen. Lanak azken txanpan dituzte jada, ondoko irudietan ikus dezakezuenez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak finkatua duen egutegia kontuan izanda, aurtengo urrian instalakuntza osoa martxan izatea aurreikusten du. Lanak noski, lehenago amaitu nahi dituzte, ekainerako. Ekainetik urrira erraustegia probetan izan nahi dute.

Edozein kasutan, instalakuntza lehenago hasiko da hondakinak jasotzen. Foru Aldundiak dituen aurreikuspenen arabera, apirilean Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) planta martxan izango da. Errauste plantaren exekuzio maila %75ekoa da.  

Erraustegia oinarri duen foru araua onartua
Gogoan izan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek martxoaren 6an onartu zuten gehiengo osoz hain zuzen, Zubietako erraustegian oinarrituriko 2019-30 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plana. Plan hau babestu zuten EAJ, PSE eta PPk. Aurka bozkatu zuten EHBilduk eta Ahal Dugu Podemosek. Asteazken honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu du Batzar Nagusiek hartutako erabakia.

ZUBIETA GAINEAN ERAIKITZEN ARI DIREN AZPIEGITURAK
3 partzela ezberdinetan:
-31.988 metro karratuko lur eremuan, biometanizazio eta zepentzako plantak.
-Erraustegia eta tratamendu mekaniko-biologikorako plantak.
-"Naturklima".