Maiatzaren 17ko Birziklatzearen Nazioarteko Egunerako elkarretaratzea deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 2a, 14:07

Donostian deitu dute elkarretaratzea. Hiriburuko Udalari 2020rako egungo %40ko gaikako bilketatik %65era igoaraztea exijituko diote, eta hortik aurrera ehuneko hori hobetzen joatea. Azken lau urteotan hiriburuko udalak gai honetan ez duela aurrerapausorik eman salatu dute, guztiz estankatua dagoela gaikako bilketa Donostian, eta biztanleriaren laurdena bertan bizita, horrek Gipuzkoako datu orokorretan eragin nabarmena duela. Udalak bilketa sistema zergatik ez duen eraginkortzen galdetu dute. "Ez al da izango Donostiak urtero sortzen dituen ia 55.000 tona hondakin nahasiak nahi dituztela Zubietan eraikitzen ari diren erraustegia etengabe elikatzeko?".

"Gure hondakinik gabe agur beraien negozioa". Mezu argi honekin, oraingoan bereziki Donostiako Udalari eta donostiarrei zuzendu nahi izan zaie Donostia Bizirik plataforma eta Errausketaren Aurkako Mugimendua, Koldo Mitxelena Kulturunean egin duten agerraldiaren bidez. Gipuzkoako udalerrien zerrendan azken postuan da hiriburua, birziklatze kontuei dagokienean. Maiatzaren 17ko Birziklatze Egunaren Nazioarteko Egunean, Donostia udal inguruetan (lekua aurrerago zehaztuko dute) 19:00etan deitu duten elkarretaratzearekin 2020rako hiriburuko egungo %40ko gaikako bilketatik %65era igotzea exijituko dute. Eta datorren urtean %65eko birziklapen mailara helduta, "gero hobetzen jarraitzeko eta gaixotuko gaituen erraustegiari jaten ez ematea helburua jartzea".

Gaurko prentsaurrekoko deitzaileen esanetan, egingarria izan eta bete beharrekoa den helburu hau Donostiako Udalaren eta donostiarren esku dagoela gogorarazi dute. "Ez dugu Gipuzkoako erreferente negatiboa izan nahi", adierazi dute. Gogorarazi dutenez, gaikako bilketa %40an dute hiriburuan, urteko eta pertsonako 288 kilo erreus sortzen dute. "Ofizialki Donostia bihurtu da Gipuzkoan pertsonako zabor kopururik handiena sortu eta gutxien birziklatzen duen herrian". Gipuzkoako biztanleriaren laurdena Donostian bizita, oso txartzat jo dituzten datuok Gipuzkoako emaitza orokorrak nabarmen okertzen dituztela gogorarazi dute. "Erabat estankatuta gaude", nabarmendu dute, azken lau urteotan praktikan ez dela aurrerapausorik eman. "Gutxiengo batek hondakinak bereizi eta organikoa birziklatzen du baina gehiengoak ez du ohiturarik aldatzen", ohartarazi dute.

Are kezkagarriagoa dena, "inork ez du aldaketarako bultzadarik egiten eta bitartean erraustegi bat eraikitzen ari dira bost kilometrotara". Klima aldaketaren aurka erreusa murriztea lortzea ezinbestekotzat jotzearekin batera, Donostiako Udalak hondakinen bilketa sistema ez eraginkortzeko zer nolako interesa izan dezakeen galdetu dute. "Ez al da izango Donostiak urtero sortzen dituen ia 55.000 tona hondakin nahasiak nahi dituztela Zubietan eraikitzen ari diren erraustegia etengabe elikatzeko?".

Hiriburuko udalari gogorarazi die, hurbilean Gipuzkoan bertan dutela irtenbidea; jada 70 herriek hartu dituztela neurri eraginkorrak eta "ekonomia zirkularraren bidera hurbiltzen ari dira". 

Horregatik Udalari eskatu diote, "mugi dezala ipurdia eta har ditzala neurriak berehala". Hartu beharreko zenbait neurri zehaztu dituzte; organikoa biltzeko edukiontziak gainerako edukiontzien ondoan eta haiek adina jartzea hiriburu osoan, erreusarenari txipa jartzea, birziklatze datuak urtero gardentasunez argitaratzea, herritarrei zuzenduriko kanpainak egitea, edota auzokonposta egiteko azpiegiturak jartzea. 

Herritarrei, "erraustegiari ematen ematen diotenak mugitu edo ez" ohiturak aldatu beharrak dituztela gogorarazi diete, eta organikoa bereizten hasteko deia egin diete, "bestela guk arnastuko dugu guk botatzen dugun zaborra". 

Donostia Bizirik eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak hilaren 17rako deitu duten elkarretaratzea girotzeko, auzoka banatuko dituzten milaka eskuorri prestatu dituzte. Maiatzaren 4an 12:00etan Groseko Katalunia plazan ekitaldia deitu dute; hilaren 11n, Amarako Easo plazan izango dira.

Zubietan aldaketa
Gogoan izan, egoera honek Zubietako Donostia aldeari ere eragin dio orain arte. Berriki ordea, Donostiako eta Usurbilgo Udalek Zubietako zerbitzu eta lanak eraginkortzeko lau urterako adostu eta sinaturiko hitzarmenari esker, Zubieta osoko hondakinen kudeaketaren ardura Usurbilgo Udalaren esku geratu da.

Ondorio argi bat izango du honek; Donostia aldeko zubietarrei orain arte zituzten edukiontziak kenduko zaizkie, Garbitxiki berri bat eraikiko zaie, hondakinak atez ate biltzeko aukera eskaintzearekin batera. Zubietako Usurbil aldean atez ateko bilketa sistema indarrean da 2015eko uztailaz geroztik.