Zubietako erraustegia

“Bilketa eraginkorra bai, errausketarik ez!” manifestazioa 18:00etan Lasarten

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 10a, 19:07

Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataformak manifestazioa deitu du larunbaterako (maiatzak 11) Lasarten bertan. 18:00etan abiatuko da Okendo plazatik, “Bilketa eraginkorra bai, errausketarik ez!” aldarripean. GuraSOSek eta Errausketaren Aurkako Mugimenduko Usurbilgo kideek mobilizazioarekin bat egin eta herritarrak hitzorduan parte hartzera deitzen dituzte.

Aipatu moduan, erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginagatik kezkaturiko guraso taldeak, GuraSOSek bat egin du manifestazio honekin. Egunotan bete ditu hiru urte jendaurrean aurkeztu zenetik, Lasarten bertan hain zuzen.

Manifestazioan parte hartuko du GuraSOSek, herritarrak ere mobilizazioan parte hartzera animatzen ditu. Babes kutxak ere salgai izango dituztela iragarri dute sare sozialen bidez. "GuraSOSek bat egiten du larunbat honetarako Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak deitutako manifestazioarekin. Bertan egongo gara Babes Kutxak saltzen ere, gure haurrak eta Gipuzkoa babesteko. Birziklapen eraginkorra orain!".

Elkarretaratzea Donostian, Birziklatzearen Nazioarteko Egunean
Errausketaren Aurkako Mugimenduko Usurbilgo kideek bat egin dute mobilizazioarekin, herritarrak aipatu manifestazioan parte hartzera deitzearekin batera. Bai hilaren 11ko Lasarteko manifestazioan, baita Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Donostia Bizirik plataformak maiatzaren 17ko Birziklatzearen Nazioarteko Egunean 19:00etan Donostiako udaletxe inguruan (lekua egunotan zehaztuko dute) deitu duten elkarretaratzean ere. 

Hiriburuko Udalari 2020rako egungo %40ko gaikako bilketatik %65era igoarazteko berehalako neurriak hartzea exijituko zaio mobilizazio honen bidez, eta hortik aurrera ehuneko hori hobetzen joatea “gaixotuko gaituen erraustegiari jaten ez emateko helburua jarrita” eta Gipuzkoan 70 udalerrik hartutako neurri eraginkorrak eredu gisa hartuta. Bost kilometrora erraustegia eraikitzen ari diren artean, Donostia Gipuzkoan pertsonako zabor kopururik handiena sortu eta gutxien birziklatzen duen herrian bilakatu dela gogoraratzen dute. "Ez dugu Gipuzkoako erreferente negatiboa izan nahi", diote, adierazita. Udalak bilketa sistema zergatik ez duen eraginkortzen galdetu dute. "Ez al da izango Donostiak urtero sortzen dituen ia 55.000 tona hondakin nahasiak nahi dituztela Zubietan eraikitzen ari diren erraustegia etengabe elikatzeko?".

Donostiarrak, "erraustegiari ematen ematen diotenak mugitu edo ez" ohiturak aldatzera, organikoa bereizten hastera deitzen dituzte, "bestela guk arnastuko dugu guk botatzen dugun zaborra". 

MANIFESTAZIOA LASARTEN
Eguna: maiatzak 11, larunbata.
Ordua: 18:00.
Tokia: Lasarte-Oriako Okendo plazatik.
Zehaztasunak: manifestazioa Lasarteko kaleetan barrena, “Bilketa eraginkorra bai, errausketarik ez!” aldarripean.
Antolatzailea: Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataforma.