Udal hauteskundeak 2019

#M26 Zubietako Herri Batzarreko hauteskundeetarako aurrez bozkatzeko aukera gaur

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 20a, 07:44

Maiatzaren 26an Herri Batzarra berritzeko hauteskundeetarako botoa aurrez emateko aukera izango dute zubietarrek astelehen honetan, maiatzaren 20an dagokien udaletxean; batzuk Donostiakoan, besteek Usurbilgoan. Usurbilen, 8:00-14:30 artean.

Igandean, maiatzaren 26an, zubietarrek udal, foru eta Europako hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango dute, baina baita tokiko erakundea berritzekoa ere. Herri Batzarrean bozketa eguna izango dute hilaren 26an. Alamandegi etxean eman ahalko dute botoa 9:00-20:00 artean. 

Bozka lehenago eman nahi dutenek ordea adi; botoa aurrez emateko aukera izango dute zubietarrek datorren astelehenean, maiatzaren 20an dagokien udaletxean. Donostiako lurretan bizi direnek Gipuzkoako hiriburuko udalean; Usurbil aldean bizi direnek Usurbilgoan, udalok zabalik dauden ordutegian. 

Gogoan izan, bost hautagai aurkeztu dira guztira hauteskundeotara:

Usurbil aldeko hautagaiak
Urtzi Alberdi Zulaika
Haritz Arrizabalaga Garmendia

Donostia aldeko hautagaiak
Jon Andoni Arroyo Arozena
Eneko Izagirre Castresana
Ignacio Izagirre Zuloaga


Mahaikideak hautatuak
Gogoan izan baita, hauteskunde egun horretarako Alamandegiko hautesmahairako kideak ere maiatzaren 7an hautatu zituztela zozketa bidez. Usurbilgo Udalak mahaiko bi bokalak eta haien bi ordezkariak hautatu zituen, Donostiakoak lehendakaria eta bere bi ordezkoak. 9 kide guztira. Honez gero, jakinarazpena jasoko zuten hautatuak izan diren zubietarrek.

HERRI BATZARRA BERRITZEKO HAUTESKUNDEAK MAIATZAREN 26AN
BOZKETA EGUNA
"Maiatzaren 26an izango da, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Alamandegin".

BOZKATZEKO MODUA
"Udal bakoitzak botu-txartel bakarra argitaratuko du. Botu-txartelak aldarrikatutako hautagai guztien zerrenda jasoko du eta hautesleak nahiago dituen bi hautagaiak X batez nabarmenduko ditu. Hautesleek gehien aukeratutako hiru hautagaiak izango dira batzarkide".

ZER HAUTATZEN DEN
"Zubietako Herri Batzarreko 6 kide hautatuko dira: 3 donostiarrak eta beste 3ak usurbildarrak, guztiak Zubietan helbideratuak".

BATZARRAREN FUNTZIOAK

1-Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
2-Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.
3-Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.
4-Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
5-Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
6-Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.

HAUTAGAIAK
-Nor aurkeztu daiteke? "Edozein hautesle izan daiteke hautagai, zein bere aldean. Hautagai izateko beren nahia idatziz jakinarazi behar diote dagokion Udalari, eta horretarako apirilaren 30etik maiatzaren 7ra arteko epea izango dute".

EGUTEGIA
-Maiatzak 20. Aurrez botoa emateko aukera. Usurbilgo Udaleko Idazkaritzan, goizeko 08:00etatik 14:30etara.
-Maiatzak 26. Hauteskunde eguna. Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Alamandegi etxean.