2019-23 legealdirako Zubietako Herri Batzar berriaren eratze ekitaldiak batzarkideak, Usurbil eta Donostiako Udaletako ordezkariak bildu zituen hainbat zubietarrekin batera; tartean, aurreko legealdian batzarkide izandakoak. Aurreikusi moduan, lehenbizi herri batzarra bera eratu zuten, maiatzaren 26ko hauteskundeetara hautagai gisa aurkeztu eta mahaian ziren bost batzarkideekin.
Zubietako legealdia bitan egon ohi da zatitua; lehen bi urteetan Usurbil aldeko hautagai bozkatuena izan ohi da alkate, bigarrenean Donostia aldekoa. Usurbili zegokion honenbestez Zubietako alkate berria izendatzea. Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak zumia helarazi zion 2021. urtera arte Zubietako alkate izango den Haritz Arrizabalagari. Aginte zumia eskutan, eta kamera atzean lan egitera jendaurrean aritzera baino ohituagoa dagoela adierazita, batzarkide ohiak eskertu nahi izan zituen lehenbizi, "lau urteotan egindako lan guztiagatik".
Herri batzar berria berak eta lau batzarkideek osatuko dute, guztiak kide berriak, "inoiz ez dugu halako kargurik izan. Erronka handia da guretzako". Zubietarrei zuzenduta adierazi zuen, "badakigu zaila izaten dela denak gustura izatea, baina saiatuko gara zubietarren eta Zubietaren alde egiten". Eskaera bana luzatu zien zubietarrei eta Donostia zein Usurbilgo Udalei. Zubietarrei; "herri batzarraren funtzioa, Usurbil eta Donostiaren aurrean Zubietaren ahotsa izatea da. Horretarako bai eskatuko nizueke zubietarroi, gugan konfiantza jartzea. Lasai asko adieraztea zuen proposamenak, kezkak... dena delakoa. Herri txikia gara eta denok elkar ezagutzen dugu. Zubietari ahotsa jartzeko gaude".
Usurbil eta Donostiako Udalei zuzendu zitzaien segidan. "Udalei Zubietaren herri izaera eta gure eskaerak zein proposamenak kontuan hartzea eskatuko genizueke".
"Auzoaren alde egiten duzuen apustu honengatik eskerrak ematea"
Ekitaldian hitza hartu zuten baita Donostiako eta Usurbilgo alkateek. Eneko Goiak batzarkideak eskertu nahi izan zituen, "zuen eskuzabaltasuna. Badakit horrelako gauzetan inplikatzea ez da erraza izaten". Animu mezua helaraztearekin batera, azpimarratu nahi izan zuen, "auzoaren alde egiten duzuen apustu honengatik eskerrak ematea". Elkarlanerako prestasuna adierazi zien zubietarrei. Aurreko legealdian, "gauza batzuk lortu genituen, beste batzuk ez, pendiente geratzen zaizkigu. Hurrengo lau urteotan lortu ez ditugun horiek guztiak elkarren artean lortzen saiatzea espero dut".
"Guretzako Zubietako Herri Batzarra interlokutore eta bidaide garrantzitsua da"
Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak ere zorionak eta eskerrak helarazi zizkien Zubietako Herri Batzarreko kideei, bertan "parte hartzeko konpromisoa adierazi eta borondatea agertu duzuelako", are gehiago jakinik zioenez, "geroz eta zailagoa baita halako erakundeetan ardurak hartzea".
Herri eta auzoen Usurbil anitza aldarrikatu zuen. "Gure herria sentimenduz anitza da. Gure herri proiektuan auzo eta herriek garrantzia berezia hartzen dute. Gure bokazioa, auzo guztien izaera errespetatzea da, auzo eta herrietan bizi diren herritarren bizi kalitatea hobetzea".
Horretarako garrantzitsutzat jotzen du Solaberrietak, "udal eta herri zein auzoen arteko komunikazio tresna iraunkorrak eratu eta egonkortzea, zuen ahotsa gure udal jardunean bermatua geratu dadin benetako bitartekoak sortzea. Legealdi honetan horretan indarra jartzeko asmoa dugu. Norabide horretan guretzako Zubietako Herri Batzarra interlokutore eta bidaide garrantzitsua da".
Elkarlanerako deia egin zuen, besteak beste, plan orokorraren lanketan. "Guri plan horren idazketa eta antolaketan Zubietako Herri Batzarrarekin eta zubietarrekin eskuz esku aritzea gustatuko litzaiguke". Ikuspegi argi batekin: "administratiboki bitan banatutako herria izan arren, guretzako Zubieta bat eta bakarra da. Gu plan orokor horren antolaketan ikuspegi horrekin aritu nahiko genuke".
"Nora doa Zubieta? Zer nahi dugu? Zer egin nahi dugu zubietarrekin?"
Donostiako Udalari ere elkarlanerako gonbita luzatu zion Solaberrietak. "Jakin badakit Zubietarako ez ditugula ikuskera eta planteamendu berak. Baina hausnarketaren eta eztabaidaren bidez, Zubietak merezi eta behar dituen planteamendu komunak, adostasunak bilatzea nahi genuke".
Zenbait galderei elkarrekin erantzun eta erabakiak hartzeko garaia dela gogorarazi zuen: "Nora doa Zubieta? Zer nahi dugu? Zer egin nahi dugu zubietarrekin?".