Lau urteotarako kargua hartu zuen, maiatzaren 26ko hauteskundeetara aurkezturiko ondoko irudiko boskoteak, Kaxkapen ospatu zen ekitaldian. Haietatik bi Usurbil aldekoak: Haritz Arrizabalaga Garmendia eta Urtzi Alberdi Zulaika. Hiru Donostia aldekoak: Jon Andoni Arroyo Arocena, Eneko Izagirre Kastresana eta Ignacio Izagirre Zuloaga.
Dakizuen moduan, Zubieta bi udalerriren artean zatitua dagoenez, bi batzarkide izango ditu Usurbil aldeak, hiru Donostia aldeak. Batean eta bestean bozkatuena izandako hautagaiak izango dira alkate datozen lau urteotan; 2019-21 urte artean Usurbil aldekoa, Haritz Arrizabalaga, 2021-23 urte artean Donostia aldekoa, Jon Arroyo.
Maiatzaren 26ko hauteskundeetako emaitzak
Usurbilaldean:
Haritz Arrizabalaga 81 boto.
Urtzi Alberdi 41 boto.
Donostialdean:
Jon Arroyo 63 boto.
Eneko Izagirre 46 boto.
Ignacio Izagirre 44 boto.
BATZARRAREN FUNTZIOAK
1-Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
2-Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.
3-Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.
4-Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
5-Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
6-Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.