"Egun on lagunok: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua osatzen dugun herri mugimenduok, Zubieta Lantzen elkarteak abiatu duen ekimenaren inguruan hartu dugun erabakia jakinaraziko dugu gaur", hitzokin iragarri dute albiste izango duguna hurrengo orduotan. "Adi egon", eskatu dute.
Bazkalostean eman dute ezagutzera albistea; erraustegiaren kutsagaiak neurtzeko azterketa zientifikoa diruz lagunduko du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. "Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik guztiz babestu eta finantzaketan lagunduko dugu. Datozen egunetan diru-bilketa edo crowdfunding kanpaina abiatuko dugu", iragarri dute. Kanpainarekin bat egitera deitu gaituzte. "Babestu eta lagundu dezagun erraustegiaren kutsaduren kontrol independentea".
"Herritar guztion laguntza behar eta merezi du"
Errausketaren Aurkako Mugimendutik Zubieta Lantzenen ikerketari babes osoa adieraztearekin batera, "gizarteratzeko gure bitarteko guztiak jarriko ditugu", iragarri dute. Gogorarazi dutenez, "agintariek egin beharko luketen baina egin nahi ez duten lana gizarte mugimendu batek sustatzen duenez, lan serio honek herritar guztion laguntza behar eta merezi du".
Eta laguntza bilketa kanpaina abiaraztera doa Errausketaren Aurkako Mugimendua. "Ikerketa honek koste ekonomikoak dauzkanez finantzazioa lortzera konprometitzen gara. Datozen egunetan crowdfundinga abiatuko dugu, norbanako eta eragileei zuzendua, herritarrok kutsadurari buruzko gure datu zientifikoak gure eskuetan izan ditzagun".
Oso pozgarritzat jotzen dute Zubieta Lantzenek "sustatutako kontrol zientifiko ahalegina, beraien hitzetan esan bezala “amesgaizto honen aurkako autodefentsa neurri gisa” planteatua. Ez gaituzte engainatuko. Ez gara besoak gurutzatuta geratuko. Noski ezetz".
Argi utzi dute, "prest egon behar dugu kalteak ezagutu eta neurtzeko ere", Errausketaren Aurkako Mugimendutik diotenez, "EAJ eta PSEko agintarien jokabidea ikusita".
"Berdin zaie"
Aipatu mugimendutik nabarmentzen dutenez, "Gipuzkoako Aldundian EAJ eta PSEko buruzagiek ez dute eten nahi erraustegiaren erabakia" ezta "Gipuzkoako herritarren gehiengoaren nahiak eta protestak". Joan diren 16 urteotan, "bortxarik gabeko era guztietako protestak egin ditugu milaka lagunek: manifestazioak, buzoneoak, gose grebak, kanpaldiak, flashmobak, parodiak, hitzaldiak... eta berdin zaie".
Ia bi hamarkada hauetan, "herritar eta talde asko, tartean Errausketaren Aurkako Mugimenduan biltzen garenok, saiatu gara agintarien jarrera aldarazten, baina, antza denez, erraustegien atzean dagoen lobbyarekin alderdi hauek dauzkaten lotura eta menpekotasuna gailendu da. Ustelkeria kiratsa izugarria da", Errausketaren Aurkako Mugimenduaren esanetan. Gaineratu dutenez, "erraustegia laster martxan jarri nahi dutela diote harrokeriaz". Baina iragarri dutenez, "borrokan jarraituko dugu, ahal bada erraustegia piztu ez dezaten, eta piztuko balute itzalarazteko".