Zubietako erraustegia

"Erraustegiaren inguruan administrazioak daukan jarrera obskurantista" salatu du parodia bidez, Errausketaren Aurkako Mugimenduak

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 13a, 12:59

Asteazken eguerdi honetan Foru Aldundiaren egoitza atarian, "sua ez piztu" aldarripean egin duen parodiaren bidez, "erraustegiaren inguruan administrazioak daukan jarrera obskurantista salatu nahi du" Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Ondoko oharra plazaratu du, gaur Donostian egin duen ekintzaren harira.

Erraustegia eraiki eta martxan jartzeko prozesu osoa iluntzat jo dute. Besteak beste, Foru Aldundiak eginiko aurreikuspenetan izaten ari den atzeratzea, eta atzeratze hori zerk eregin duen. Hedabideen bidez Errausketaren Aurkako Mugimenduak jakin ahal izan dutenez, transformadore bateko matxurak lau edo sei hilabetera arte atzera dezake Zubietako erraustegia piztea. Eta errausketaren zero gune horretan lanean dabilen enpresa batek antza, "bertan egiten ari diren irregurlatasun askotariko batzuk konpontzea eskatu du".

Beldurgarritzat jotzen du Errausketaren Aurkako Mugimenduak prozesu osoan agintariek erakutsitako iluntasuna tarteko, erraustegia piztu ondoren zer ezkuta dezaketen eta Zubietan erreko dutenaz zer nolako informazioa eskainiko duten. Eta orain bezala, etorkizunean gerta daitezkeen matxurek aireaaren kutsadura biderka dezaketela ohartarazi dute. 

Egoera honek irtenbide argia duela gogorarazten du beste behin, Errausketaren Aurkako Mugimenduak; hondakinak erraustea alboratu eta hondakinak murriztu, berrerabili, birziklatu, konpostatu eta geraten den apurra egongkortu eta zabortegira garraiatzea. "Baina honek konpromiso handia eskatzen du", eta Errausketaren Aurkako Mugimenduaren esanetan, agintari eta enpresak "ezi dira bide hori hartzeko prest kusten", egungo ereduak "diru asko ematen" dielako.

ERRAUSKETAREN AURKAKO MUGIMENDUAREN OHARRA
Errausketaren Aurkako Mugimenduak gaurko ekintzaren bidez erraustegiaren inguruan administrazioak daukan jarrera obskurantista salatu nahi du. Jose Ignacio Asensiok esandakoa da 2019ko udazkenean erraustegia martxan jarriko zutela, baina prentsan agertu denez transformadore baten matxurak lau edo sei hilabetez atzeratuko du piztuera. Beste informazio batzuen arabera erraustegian ari den enpresa batek bertan egiten ari diren irregulartasun askotariko batzuk konpontzea eskatu du.

Prozesu osoa hasieratik izaten ari da iluna; haiek nahi duten informazioa soilik eta haiek aukeratzen dituzten komunikabideetan agertzen da. Piztu aurretik arduradunak izaten ari diren jarrera gezurti eta manipulatzailea ikusita, beldurra ematen du piztu ondoren emango duten informazioak eta batez ere ezkutatuko dituztenak nolakoak izango diren. Nolako informazioa emango dute erraustegiak sortuko duen kutsaduraz, bertan erreko dituzten hondakinen osaketaz eta jatorriaz?

Erraustegiak piztu aurretik izan du lehenengo matxura garrantzitsua. Zalantzarik ez izan, martxan jartzen denean matxurak errepikatuko direla eta hauen ondorioz sortuko den airearen kutsadura biderkatuko dela, labearen tenperatura jaistearekin batera isurtzen diren gas eta partikulak ugariago eta pozoitsuago bihurtzen baitira. Ziur egon, orduan ere ahaleginak egingo dituztela egoera arriskutsua ezkutatzen, nahiz eta herritarrok pozoia arnasten aritu.

Askotan esan dugun bezala, honek irtenbidea dauka: hondakinak, guztiak eta batez ere plastikoak murriztu, berrerabili, birziklatu, materia organikoa konpostatu eta geratzen den apurra egonkortu ondoren zabortegira eraman, zaborrak erretzea behin betikoz baztertuta. Baina honek konpromiso handia eskatzen du, batez ere agintariena, enpresena eta gaur egungo ereduak diru asko ematen dienez bai produkzioan, bai banaketan, bai ezabapenean ez dira bide hori hartzeko prest kusten.

Errausketarik ez.
Sua ez piztu.

Errausketaren Aurkako Mugimendua