Zubieta Lantzenen ikerlana finantzatzeko abian jarri zuten "crowdfunding" ekimenak izan duen arrakasta ikusita pozik eta esker oneko agertu da Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, "diru-laguntzarekin bilketan parte hartu duzuen herritarroi, eta baita beren laguntza eman duten udal, alderdi, sindikatu eta beste elkarteei". Azaroaren 9ra arte, 26.384 euro bilduak zituzten. Hasieran, gutxieneko kopuru gisa jarri zuten 13.000 euroko kopurua bikoiztera heldu dira. "Gipuzkoako herritarren bultzada honek indar berriak ematen dizkigu Errausketaren Aurkako Mugimenduan ari garenoi lanean aurrera egiteko", nabarmendu dute.
Gogoan izan, bildutako dirua Zubieta Lantzenek erraustegiaren kutsagaien inguruko kontrol independentea finantzatzera bideratuko da. Ez ahaztu ikerketa lerro bat batu zaiola honi; Holandako ikerlariek proposatu eta emakume talde baten ekimenez, bularreko esnearen kontrol lanak abiatu dira. "Horri erantzunez Usurbil, Lasarte-Oria eta Andoaingo 39 emakumek eskuzabaltasunez eskaini dituzte beren laginak. Lan horiek osatzen duten fasean sortutako gastuak ordaintzeko erabiliko da bildutako dirua eta geratzen dena hurrengo faseetarako gordeko da", iragarri dute Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik.
Ohartarazi nahi dutenez, "hau kontrolaren abiapuntua besterik ez da, orain ikerlariak egiten ari direna da “zero puntua” markatzea, erraustegiak martxan jarritakoan –baldin eta jartzen badute- sortuko duen egoera berriarekin konparatzeko. Beraz, benetako informazioa etorkizuneko kontrolek markatuko dute".
Hemen, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak helarazi duen adierazpena osorik:
ERRAUSTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUAREN ADIERAZPENA
Mila esker Erraustegiaren kutsaduren kontrol independentea abiatzen lagundu duzuen guztioi
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideok poz handiz jakinarazi nahi dugu lortu dugula biltzea Erraustegiaren kutsaduren kontrol independentea martxan jartzeko behar zen dirua. Gure esker ona zuei, zuen diru-laguntzarekin bilketan parte hartu duzuen herritarroi, eta baita beren laguntza eman duten udal, alderdi, sindikatu eta beste elkarteei.
Batuta Verkami gunean egindako crowdfundingaren emaitza eta beste moduetan dirua aurreratu duzuen guztiona, azaroaren 9an –EAMen azken batzarraren egunean– denetara kopuru hau daukagu jasota: 26.384 euro. Gipuzkoako herritarren bultzada honek indar berriak ematen dizkigu Errausketaren Aurkako Mugimenduan ari garenoi lanean aurrera egiteko.
Zubieta Lantzenek abiatutako ikerlana ordaindu ahal izateko gure buruei markatutako kopuruak gainditu ditugu. Egia da ere, ikerketak aurrera egin ahala gastu berriak sortu direla. Esate baterako, ikerlariek iradoki zuten erraustegiaren inguruko emakumeen bularreko esnearen jarraipena egitearen interesa eta horri erantzunez Usurbil, Lasarte-Oria eta Andoaingo 39 emakumek eskuzabaltasunez eskaini dituzte beren laginak. Lan horiek osatzen duten fasean sortutako gastuak ordaintzeko erabiliko da bildutako dirua eta geratzen dena hurrengo faseetarako gordeko da.
Gogoan hartu: hau kontrolaren abiapuntua besterik ez da, orain ikerlariak egiten ari direna da “zero puntua” markatzea, erraustegiak martxan jarritakoan –baldin eta jartzen badute- sortuko duen egoera berriarekin konparatzeko. Beraz, benetako informazioa etorkizuneko kontrolek markatuko dute.
Tamalez, Gipuzkoako agintari nagusiek eta GHK-k kontratua emandako konpainiek aurrera jarraitzen dute Zubietako erraustegia martxan jarri nahian. Ez dituzte kontutan hartu herritarrek behin eta berriro adierazitako nahiak, ez dute kontutan hartu badagoela alternatiba, badagoela errausketa gabe hondakinak ongi kudeatzea, Europan eta munduan leku askotan erakusten duten bezala eta Gipuzkoan bertan udalerri askotan egunero erakusten dugun bezala.
Mila bider esanda ere, gezurra gezurra da: hondakinak erraustea ez da ona, oso txarra da. Txarra osasunarentzako, zientzialariek eta medikuek behin eta berriro erakutsi dute. Txarra da gure ekonomiarentzako: baliabide eta diru xahuketa handia da. Errausteak kalte handia egiten dio ingurumenari, biodibertsitateari, klimari. Erraustean oinarritutako hondakin sistema txarra da langileentzat eta enpleguarentzat, askoz alternatiba hobeak badira.
Horregatik guztiagatik, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Gipuzkoako herritar guztioi dei egiten dizue etorriko diren deialdi eta ekimen berrietan parte hartzera.
Errausketarik ez. Ez Zubietan, ez Rezolan, ez Zabalgarbin, ez inon.