Antolatzaileek aurreratu dutenez, Zubieta Lantzen elkarteak eskainiko du hitzaldia. Erraustegiaren kutsaduren kontrol independenteaz jardungo dute. Galdera baten bueltan ariko dira: "Kutsaduren datu ofizialak sinesgarriak al dira?".
ZUBIETA LANTZENEN HITZALDIA
Eguna: azaroak 19, asteartea.
Ordua: 19:00.
Tokia: Donostiako Alde Zaharreko San Jeronimo kaleko liburutegiko kripta.
Hizlaria: Zubieta Lantzeneko ordezkaritza.
Zehaztasunak: erraustegiaren kutsaduren kontrol independenteari buruzko hitzaldia. "Kutsaduren datu ofizialak sinesgarriak al dira?".
Antolatzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.
Erronka beteta
Gogoan izan, Zubieta Lantzen elkarteak abian duela erraustegiaren kutsagaiak neurtzeko ikerlan independentea, Holandako Toxicowatch fundazioaren laguntzaz. Lehen laginak, erraustegia piztu aurretik bildu zituzten irailean, erraustegitik gertu dauden herrietan. Erraustegia piztuko balitz, gero asmoa, urtero laginak hartzen segi eta irailean hartuko datuekin alderatzea da.
Gogoan izango duzue erraustegiaren kutsagaien kontrol independentea finantzatzeko "crowdfunding" kanpaina ere abiatu zuela Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Gutxienez 13.000 euro bildu nahi zituzten; azkenean kopuru honen bikoitza jaso dute. 26.384 euro, azaroaren 9ra arte.
Ez ahaztu ikerketa lerro bat batu zaiola honi; Holandako ikerlariek proposatu eta emakume talde baten ekimenez, bularreko esnearen kontrol lanak abiatu dira. "Horri erantzunez Usurbil, Lasarte-Oria eta Andoaingo 39 emakumek eskuzabaltasunez eskaini dituzte beren laginak. Lan horiek osatzen duten fasean sortutako gastuak ordaintzeko erabiliko da bildutako dirua eta geratzen dena hurrengo faseetarako gordeko da", iragarri dute Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik.
Ohartarazi nahi dutenez, "hau kontrolaren abiapuntua besterik ez da, orain ikerlariak egiten ari direna da “zero puntua” markatzea, erraustegiak martxan jarritakoan –baldin eta jartzen badute- sortuko duen egoera berriarekin konparatzeko. Beraz, benetako informazioa etorkizuneko kontrolek markatuko dute".
Hemen Errausketaren Aurkako Mugimenduak "crowdfunding" kanpaina itxieran helarazitako adierazpena: erraustegiaren kontrol independentea finantzatzeko kanpaina