Atzera kontaketa betean gara. Ostegunean piztuko dute Zubietako erraustegia probaldi fasean. Fase hau igarota, martxoan ehuneko ehunean martxan izatea espero du Foru Aldundiak.
Dagoeneko nabaria da Zubieta gaineko planta piztuko duten unetik hurbil garela. Azken asteotan, etenik gabe-igandeak barne- ke zutabe bat ikusi dugu; erraustegiari itsatsia dagoen Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) plantako tximiniatik aireratzen zena.
Ostiralean Foru Aldundiko ordezkariek hedabideei bisita gidatua antolatu zieten errausketaren zero gunera. Bisitan zehar iragarri zieten, ostegunean, hilak 28 probaldi fasean piztuko dutela Zubietako erraustegia. Atzo bertan, lehengaiak errausten hasteko bi labeak ere piztu eta berotzen hasi omen ziren. Eta larunbat honetan, Kalezar aldetik hartutako irudiotan, azken asteotan ikusi dugun TMB plantako tximiniako ke zutabearekin batera bigarren ke zutabe bat ere ikus zitekeen.
Esandakoa, erraustegi piztuko duten unea hurbiltzen doa, atzera kontaketa betean gara jada.