Bolo-bolo dabil azken orduotan mugikorretan albiste honi atxikitako argazkia. Irudi ikusgarria, orain arte zabaldu eta jasotakoekin alderatuta ikusgarriena zalantza izpirik gabe. Zubietako erraustegia duzue argazkian, erraustegiari darion ke zutabea. Orain arte ikusi ahal izan dugun ke zutabe handiena, larunbat honetan bertan (abenduak 21) isuri dutena. Argazkiak argitu beharreko guztia argitzen du, ez du bestelako aipamenik behar.
Martxoaren 3an martxan nahi
Gogoan izan, azaroaren 28az geroztik probaldi fasean dutela Zubietako erraustegia. Aste honen hasieran Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) berri eman zuenez, erraustegia bera eta Zubieta gaineko gainerako azpiegiturak ere martxoaren 3an martxan jarri asmo dituzte. Aurreikusia zutena baino beranduago izango da. Izatez abendurako behar zuten lan betean. Asteleheneko bileran ordea, lehen faseko lanak martxan jartzeko epea luzatzea onartu zuten EAJ eta PSE nagusi dituen kontsortzioko kideek.
"Erabakia hartu aurretik, informazio espediente bat ireki du GHK-k, atzerapen horren arrazoiak, Ekondakin emakidadunak alegatu dituenak, aztertzeko. Eskatutako txosten teknikoak aztertu ondoren, egiaztatu da 2017ko azarotik 2018ko uztailera bitartean izandako baldintza metereologikoek bost hilabeteko atzerapen justifikatua eragin zutela; atzerapen hori, beraz, emakidadunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gertatu da. Onartutako luzapenarekin, GIG martxoaren 3rako martxan izateko konpromisoa hartu du emakidadunak", GHK-ren esanetan.
Entzun ere egin da
Kea bakarrik ez, egunotan erraustegiko probaldi faseko zarata ere entzun da azken egunotan, GHK-tik iragarria zutenez, ur lurrun zirkuituko proben eraginez.