Zubietako erraustegia

Erraustegiaren Aurkako Mugimendua: "Zubietako erraustegia benetan kutsadura eta hondamendi fabrika baizik ez da izango"

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 15a, 11:38

Aurreko asteburuan ehunka arrain hilik agertu ziren Zubietako Arkaitzerrekan, ezohiko amoniakoa kopurua antzeman dute. Antza, erraustegiko eremutik isuritakoa. "Zubietako erraustegia benetan kutsadura eta hondamendi fabrika baizik ez da izango, badakite eta badakigu", adierazi du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Mesfidantza agertu du URA Uraren Euskal Agentzia egiten den ari ikerketarekiko. "EAEko eta Gipuzkoako agintariek soka motzetik kontrolatutako erakundea da URA", ohartarazi dute lerrootan jaso dugun adierazpenean.

ERRAUSKETAREN AURKAKO MUGIMENDUAREN ADIERAZPENA
Txiste txarra dirudi baina ez da: Asensio kontseilari den URA Agentziak ikertuko du ea Asensio buru duen erraustegiak isurketa pozoitsurik egin duen. Lotsagarria.

Albiste txarrak datoz Zubietatik. Gipuzkoako erraustegia denari "Gipuzkoako Ingurumen Gunea" deitu zioten. Baina egia ezin da betirako ezkutatu eta hondakinak erretzea, berrerabili, birziklatu eta konpost bihurtu daitezkeen hondakinak kiskaltzea beti da soluzio txarra.

Ez dute ofizialki inauguratu eta dagoeneko ingurumenean, osasunean eta ekonomian ari da kalteak eragiten. Kea dariola ikusten dugu. Usain txarrak ere nozitzen hasi gara inguruan, nahiz eta oraingoz labeetan erretzen ari direnak izan gerora erreko omen dutenaren erdia bakarrik.

Proba fasea amaitu gabe milaka tona hondakin erretzeari ekin zioten. Emisioen kontrola? Propagandistek zioten dioxinen emisioak 24 orduz jarraian kontrolatuko zituztela eta kutsadura igoz gero, momentuan bertan erraustegia itzaliko zutela. GEZURRA. Gezurtiak.

Zaldibarren erakutsi zuten zenbat denbora behar duten lagin batzuk aztertzen. Zubietan, hasieran 2 hilean behin egingo omen dituzte kontrolak eta gero 3 hilean behin. Eta ez ahaztu aurrez abisatuko dutela ikertua noiz egingo dioten azterketa. Lotsagarria, ustelkeria hutsa. Bitartean, proba fasean egiten aritu diren hondakin erreketetan gainditu dituzte
Eusko Jaurlaritzak emandako Ingurumen Baimen Bateratuan jasota dauden isurketa mugak, onartu zaiena baino kutsagarri gehiago ari dira isurtzen erraustegian. Eta hori guztia nahikoa ez bazen...

Larunbatean erraustegiaren azpitik pasatzen den Arkaitzerrekako fauna guztia (aingirak, arrainak, …) hilda azaldu zen. Ikusi planoa eta atera ditzala norberak ondorioak. Zubietako erraustegia benetan kutsadura eta hondamendi fabrika baizik ez da izango, badakite eta badakigu.

Albistea zabaldu eta berehala azaldu omen dira URA Agentziako funtzionarioak, baina ez dugu itxaropen handirik eduki behar beraien kontrolarekin.

EAEko eta Gipuzkoako agintariek soka motzetik kontrolatutako erakundea da URA, ez daude alferrik bere administrazio kontseiluan... bai Gipuzkoako Foru Aldunditik erraustegia bultzatu eta gaur kudeatzen dutenak eta bai hari Jaurlaritzatik Ingurumen Baimenak eman dizkiotenak.

Txistea dirudien arren egia tristea baizik ez da: Asensio kontseilari den erakunde batek ikertuko du ea Asensio buru duen erakunde batek isurketa pozoitsurik egin duen. Horra zuen gobernantzak, kontrol demokratikoak, gardentasunak eta Larrialdi Klimatiko aldarrikapen hutsalak.