Orain bai, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusitakoa aintzakotzat hartuta, aste gutxi barru %100ean martxan jarri dezakete Zubietako erraustegia. Foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok hilabeteotan adierazi duen moduan, covid19-aren eraginez bizi dugun osasun krisialdiak atzeraturiko tramite garrantzitsu bat gauzatu baita egunotan, hedabideek berri eman dutenez.
Konfinamendu asteetan Eusko Jaurlaritzako bulegoak itxita izan dira. Ireki bezain laster, "behin betiko baimena" eskuratzeko beharrezko dokumentazioa aurkezteko asmoa agertu zuen foru ingurumen diputatuak maiatza hasieran eginiko agerraldian. Urratsa eman eta Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren erantzuna ere jaso dutela jakinarazi dute zenbait hedabideek. Ingurumen baimen integratua eman dio Gasteizek Zubietako erraustegiari. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) esanetan honenbestez, Europako, estatuko eta autonomia erkidegoko araudiak betetzen du Zubieta gaineko azpiegiturak.
Jaurlaritzaren tramite hau gaindituta, Asensiok maiatza hasieran, erraustegia ehuneko ehunean martxan aste gutxi barru jarriko zutela iragarri zuen. Orain arte diotenez, probaldi fasean funtzionatu ahal izan du erraustegiak, %80an. Iraila aldera piztu dezakete guztiz Zubietako erraustegia, GHK-k azken egitaztapen lanak amaitu ostean. 10-12 asteko kontua izan liteke; egutegia eskutan, iraila ingurua.
GuraSOSen agerraldia
Albiste honen aurrean "prentsaurreko garrantzitsua" deitu du GuraSOSek ostiral honetarako (ekainak 19). Hala dio sare sozialen bidez zabaldu duen mezuak: "Adi! Ostiralean GuraSOSen prentsaurreko garrantzitsua! Zubietako Titanikaren bidean izeberg juridiko handiak. Gipuzkoako Foru Aldundia beste zerbait saldu nahian dabil: modernoa eta ondoraezina. Ingurumen baimenak zeresana emango du!", iragarri du GuraSOSek.