Ehunka arrain hilda agertu ziren maiatzaren 9an erraustegi ondotik igarotzen den Zubietako Arkaitzerrekan. GHK-k hasieran erraustegiak zerikusirik izan zuenik ukatu arren, egun gutxira jakin ahal izan zen eremu hartatik izandako amoniako isuri batek eragin zuela hondamendia.
Anerreka Ingurumen Elkarteak, Zubieta Lantzen Ingurumen Elkarteak eta Eguzki Euskal Herriko talde ekologista eta antinuklearrak gertaturikoa Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan salatu zuten. "Orain, hiru elkarte hauek beraien burua herri-akusazio gisa aurkezteko aukera aztertzen ari dira", berri eman dute.
Fiskaltzak Arkaitzerrekako isurketa "ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat dela uste du" eta "egin dituen ikerketa-diligentziak Donostiako 5. Instrukzio Epaitegira bidali ditu, berau baita kasuaren ardura duena".
Anerrekak, Eguzkik eta Zubieta Lantzenek ohartarazi dutenez, "Zigor Kodearen 325. artikuluak berariaz jasotzen ditu, ingurumenaren aurkako delituen artean, uren kalitateari edo animaliei edo landareei funtsezko kalteak edo kalte nabarmenak eragiten dizkieten edo eragin diezazkieketen legez kanpoko isuriak. Arkaitzerreka zeharo erreta geratu zen. Argien kaltetutako arrain-espezieetako bat aingira izan zen. Aingira suspertzeko plan bat dago, Europar Batasunak sustatuta, hain justu, espeziea gainbehera dagoelako".
Ukatzetik ardura enpresei egoztera
Arkaitzerrekako isurketa bertako bizilagunek salatu zuten, bestela ezer ez genuela jakingo diote aipatu ingurumen eragileek. "Gogoratu isurketaren berri izan genuela herritar batzuek Arkaitzerreka ondotik pasa, hildako arrainak ikusi eta salatu zutelako. Salaketa publikorik gabe, ez litzateke inortxo ere enteratuko. Eta beharbada horixe gertatu da aurretik gertatutako isuri batzuekin. Beste isuri horien inguruko susmoak GHK-k berak hauspotu zituen, despistatuta edo, hasieran zabaldu zuen “ukaziozko” oharrean", salatu dute.
Gogoan izan, Arkaitzerrekako isuriak erraustegiarekin zerikusirik zuenik ukatu zuen hasiera GHK-k. Gerora bai, eremu hartatik isuritako amoniakoa izan zela eragilea, eta empresei egotzi zien maatza hasieran jazotakoaren ardura. "Izan ere, kontratuaren hiru arau-hauste larri leporatzen dizkiote: isurketaren berri ez ematea, isurketa ahalbidetu zuen kubetaren jatorrizko diseinua aldatu izana ez komunikatzea eta pH-metroak funtzionatzen ote zuen ez egiaztatzea. Honek ez du zerikusirik, noski, saldu nahi izan diguten erraustegi makulagabearen ereduarekin, non emisio kutsagarriak, airezkoak zein uretaratakoak, guztiz kontrol publikopean omen dauden. Ez da hain kontrol zorrotza izango baldin eta hori guztia, isurketa bera barne, oharkabean pasatu bazaie".