Zubietako erraustegia

Azken aldian ikusi gabeko ke zutabea erraustegitik

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 3a, 12:32

Oraingoan Usurbilgo txoko anitzetatik ikusgarria izan zen, asteazken arratsaldean Zubietako erraustegia inguruko mendi aldean barrena isurtzen ari zen ke zutabea. Ofizialki "probaldi" fasean segitzen du, aste gutxi barru guztiz martxan jartzea da sustatzaileen asmoa.

Ke zutabe itzela Zubietako erraustegitik. Kea herriko puntu anitzetatik ikus zitekeen, aspaldi ez bezala. Kea mendia aldean barrena. Erraustegiko tximiniek isuritakoa. Asteazken arratsaldeko (irailak 2) irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak. Kalezar aldetik nahiz herri erdigunetik ateratakoak.

Ordu luzez, ilundu arte erraustegiak isuri zuen ke zutabea. Azken aldian halako ke zutaberik ez zen ikusten. Bizilekua erraustegira begira duen Kalezarko bizilagun batek ere hala aipatu zigun, abuztuan zehar ez zuela hainbeste kerik ikusi. Apenas zebilen haizerik. Keak norabide argia zuen, erraustegia inguratzen duen mendi inguruan barrena barreiatu zen. 

Asteotan jarri nahi dute guztiz martxan
"Uda ostean", orduan jarri nahi omen dute Zubietako erraustegia guztiz martxan. Uda honetan zehar hortxe proiektu honen sustatzaileek egin duten aurreikuspena. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) berri eman duenez, "uda ostean", egutegia eskutan iraila aldera martxan jarri nahi dute %100ean hondakinak errausteko azpiegitura. Gogoan izan, iazko azaroaz geroztik probaldi fasean da erraustegia. Sarritan kea dario halere, azken egunotan bezala.

"GHK-k kontratu-bermeak egiaztatzea besterik ez da geratzen"
Azaroa amaieran abiaturiko probaldi fase honetan zehar, hilabeteotan sarritan ikusi da kea zeriola Zubietako erraustegia. Gogoan izan, "ofizialki" probaldi fasean dute Zubietako erraustegia, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) arabera, %80an dute martxan. "GHK-k kontratu-bermeak egiaztatzea besterik ez da geratzen, instalazioa emakidadunarekin onartutako eta hitzartutako zerbitzu-baldintzetan jartzen dela egiaztatzeko", Kontsortzioak ekainaren 17an adierazi duenez. Prozesu honek 10-12 iraun ditzakeela aurreikusten du eta horren ostean jarriko dute %100ean martxan. Egutegia eskutan, iraila aldera piztu dezakete guztiz, jada martxan duten Zubietako erraustegia.