Natur baliabideen eta ingurumenaren aurkako delituen ustezko erantzule gisa, lau pertsona ikertzen ari da Guardia Zibila, maiatza hasieran Zubietako erraustegi ondotik igarotzen den Arkaitzerrekan izan zen legez kanpoko amoniako isurketaren harira. Hala diote hainbat hedabideek. Ehunka arrain eta aingira hil zituen errausketaren zero gunean izan zuen jatorria istripuak. Baimendutakoa baino 220 aldiz handiagoa zen amoniako kopurua antzeman zuten Arkaitzerrekan.
Guardia Zibilaren arabera, lau egunez luzatu zen legez kanpoko isurketa hura, amoniakodun 2.200.000 litro ur isuri ziren, ez zen halakorik gertatu zen lehen aldia. Gutxienez beste behin jazo omen zen antzeko gertaeraren bat. Maiatzekora itzulita, datuoz gain ezer berririk ez. Hilabeteotan aipatu izan den moduan, erraustegiko kamioi batek karga hustutzerakoan, mangera baten garbiketa lanetan zebiltzala izan zen isurketa. Antza, erraustegian lanean zebiltzanek ez omen zioten eman behar besteko garrantziarik isurketari.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortziotik (GHK), lehendakari Jose Ignacio Asensiok erraustegiak honetan guztian zerikusirik zuenik ukatu egin zuen, gerora GHK-k enpresa emakidadunari egotzi zion Arkaitzerrekako istripuaren ardura. Enpresari espedientea zaabaldu eta 45.000 euroko isuna jarri zion hiru arau hausteengatik.
Bide judiziala
Gogoan izan, Anerreka Ingurumen Elkarteak, Zubieta Lantzenek eta Eguzkik salaketa aurkeztu zuten Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan. Fiskaltzak Arkaitzerrekako isurketa "ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat dela uste du" eta "egin dituen ikerketa-diligentziak Donostiako 5. Instrukzio Epaitegira bidali ditu, berau baita kasuaren ardura duena". Ingurumenaren aurkako deliturik egon den erabaki beharko du.