"Guk Zubietan zer"

Etorkizuneko Zubieta marrazten hasteko lehen saioa gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 20a, 07:21

"Guk Zubietan zer" prozesua abiatzera doaz astearte honetan. Etorkizuneko Zubieta marraztea izango du xede, Herri Batzarrak, Usurbil eta Donostiako Udalek eta EHU-k sustaturiko dinamikan zehar. Hilabetez luzatuko den prozesuaren baitako lehen bi saioak aste honetarako iragarri dituzte; ingurumena eta mugikortasuna hizpide izango duten mahai inguru eta lan saio bana, urriaren 20an eta 22an.

"Guk Zubietan zer" prozesuan zubietarrek hartuko dute hitza. Etorkizuneko Zubieta eraikitzea izango du xede, aste honetan bertan abiatuko duten dinamikarekin. Hilabete pasatxoko prozesuan, bi astean behin izango dira saioak.

Usurbil eta Donostiako udalen nahiz EHU-ko ikerketa taldekoen ikuspuntuak azaldu eta eztabaidatzeko hiru saio, eta haiei lotuta beste hiru lan saio praktiko. Segidan dituzuen gaiak jorratuko dituzte parte hartzaileek. Ekarpenak bildu, landu eta ondorioak urte amaieran aurkeztea aurreikusten dute antolatzaileek. Prozesuak emandakoa, Usurbilgo Udalak 2021. urte amaierarako hasieraz onartu asmo duen HAPO-an txertatu nahi dute.

Prozesua Zubietako frontoian garatuko da, beti ordutegi berdinean eta prebentzio neurriak hartuta. Pilotalekura sartu eta irtetea, ibilbide zirkular moduan egingo da, antolakuntzak egokitutako seinaleei erreparatu beharko zaie. Eskuak garbitzeko gela izango da, musukoa jantzita joan beharko da. Segurtasun distantzia mantenduta egingo dira saioak.

Frontoira sartu baino lehen, atarian, ondo begiratu. Horman, erakusketatxo bat duzue ikusgai. Abiatzear den prozesua dinamizatuko duen EHU-k hainbat lekuetan, tartean Zubietan, espazio publikoaren eta hiri ekipamenduen inguruan eginiko lanen emaitzak.


"GUK ZUBIETAN ZER"
Ingurumena eta mugikortasuna
Urriak 20: mahai ingurua.
Urriak 22: lan saioa.

Gizartea eta ekonomia
Azaroak 3: mahai ingurua.
Azaroak 5: lan saioa.

Hirigintza eta etxebizitza
Azaroak 17: mahai ingurua.
Azaroak 19: lan saioa.

Saioen ordutegia eta lekua: 18:30-20:00, Zubietako frontoia.
Aurrez izen eman helbide honetan: hirigintza@usurbil.eus
Sustatzaileak: Usurbil eta Donostiako Udalak, Zubietako Herri Batzarra, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).

Erlazionatuak