Zubietako erraustegia

Sutearen biharamunean, kea dario berriz erraustegiari

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 13a, 12:06

Sutearen biharamunean, asteazken goizeko lehen orduan Zubietako erraustegiak duen itxura duzue ondoko irudietan. Hilabeteotan sarritan ikusi dugun ohiko ke zutabea berriz tximiniatik. 

Ezin jakin barruan zer gertatzen ari den. Kanpotik begiratuta, itxuraz, erraustegia ohiko jardunera itzuli dela ondoriozta daiteke. Zubieta nahiz Usurbil aldetik asteazken goizeko lehen ordutik kea dariola dago erraustegia. Jada albiste izateari ere utzi dio ke isuriak, 2019ko azaroa amaieran "ofizialki" probaldi fasean jarri zutenetik sarritan errepikatu baita gaur goizeko irudia. Bitxia dirudien arren, atzo ez ordea; oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik sutea izan zen erraustegian. Astearte arratsaldeko 15:00etan ohartarazi zuen SOS Deiak-ek sare sozialen bidez. Albistea ezagutu eta berehala erraustegira begira jarri eta gaur goizean nahiz hilabeteotan ohikoa izan den ke zutabearen arrastorik ez zen. 

Gogoan izan, Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko zentroak berri eman zuenez, erraustegian sutea gertatu zen. Ez zuten aipatu zerk eregin zuen. Bai ordea, enpresako langileek ezin izan zutela haien kabuz itzali eta larrialdi zerbitzuen laguntza ezinbestekoa izan zutela sutea mendean hartzeko. Itzali zutenik ez zuen baieztatu iturri ofizial honek. "Zubietako erraustegian sute bat piztu da. Enpresako langileek larrialdi zerbitzukoen laguntzarekin, sutea kontrolpean dute", ohartarazi zuen SOS Deiak-ek. 

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hedabide ezberdinetan gaineratu duenez, sutea 13:30ak aldera piztu omen zen "zaborra pilatzeko gunean". Suteak ez zuela inolako kalte material zein pertsonalik eragin zioten. Eta suhiltzaileak bertan gelditu zirela, garrak berriz piztea eragozteko. 

"Zer gertatu da?"
Sutea gertatu zela zabaldu ostean, herritarrak zer gertatu zen galdezka hasi ziren berehala. Tartean Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta. "Albiste onik ez, berriz ere, erraustegitik. Zer gertatu da? Ze erre da?", adierazi zuen albistea ezagutzera eman eta gutxira sare sozialen bidez. Gertatutakoarekiko kezka agertu eta argibideak eskatu zizkion Gipuzkoako Foru Aldundiari. "Kezkaz gaude inguruan bizi garen herritarrak. Informazio osoa, gardentasuna eta kontrol publikoa exijitzen dugu", galdegin zuen alkateak.

Ez da lehen "gertakaria"
Zubietako erraustegian gertatzen denaz galdezka ibiltzea ez da kontu berria, ezta argibide faltan egotea ere. Herritar edota eragile ezberdinei esker jakin da azken urteotan Zubietako erraustegiaren eraikuntza prozesuan nahiz probaldi fasean izan diren intzidentzien berri. Gaurkoa izatez, erraustegia "ofizialki" guztiz martxan izan eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abenduaren 11n iragarri bezala "normaltasun osoz" lanean dabilenetik izan den lehen "ezustekoa" litzateke. Aipatu abenduaren 11n "ofizialki" normaltasun osoz lanea ari zirela berri eman zuten Gipuzkoako agintariek.

"Normaltasun" horretatik urruntzen dute ordea atzo izandako suteak baita azken urteotako beste hainbat gertakariek ere; hor ditugu 2019ko ekainean transformagailuan izan zen leherketa, iragan iraila hasieran izan zen matxura. 2020ko maiatzean Zubietako bizilagunei esker ezagutu genuen Arkaitzerrekako hondamendia; erraustegiaren eremutik isuritako amoniakoak ehunka arrain hil zituen.