Amaia Zubiriarentzat Adarra Saria

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 27a, 12:38

Donostia Kulturak 2021eko Adarra Saria Amaia Zubiria zubietarrari ematea erabaki du. Ekainaren 21ean Gipuzkoako hiriburuko Victoria Eugenia antzokian eskainiko duen kontzertuan jasoko du saria, Musikaren Europako Egunean hain zuzen.

Zubietan jaiotako Amaia Zubiria abeslariarentzat izango da Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014. urteaz geroztik urtero eman ohi duen aurtengo Adarra Saria. "Euskal musikaren arloan garrantzia edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko", hortxe sariketa honen helburua. Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak eta Kepa Junkerak jaso dute aurreko urteetako Adarra Saria. Aurtengoa aipatu moduan, Amaia Zubiria zubietarrarentzat izango da. "Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatutako Aholku Batzordeak aho batez erabaki du aurtengo Adarra Saria Amaia Zubiria kantariari ematea", berri eman du Donostia Kulturak.

Musikaren Europako Egunean, ekainaren 21ean jasoko du Zubiriak Adarra Saria Donostiako alkatearen eskutik, Gipuzkoako hiriburuko Victoria Eugenia antzokian arratsaldeko 19:00etan eskainiko duen kontzertuan. "Musikari talde zabalaz" inguratua egongo da omendua. "Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Aitor Furundarena, Ritxi Salaberria, Gonzalo Tejada, Luis Camino, Manu Gaigne... Hainbat kolaborazio ere izango dira: Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero, Ainara Ortega, bere seme Edorta Amurua Zubiria eta Jon Maia bertsolaria tarteko", antolatzaileek zehaztu dutenez.

Emanaldirako sarrerak jada salgai jarri dituzte donostiakultura.eus/sarrerak atarian. "Lau sarrera erosi ahal izango dira gehienez pertsonako", ohartarazi dute antolatzaileek.

Funtsezko eragina, ondorengo belaunaldietan
Amaia Zubiriaren ibilbidea goraipatu du Donostia Kulturak. "Amaia Zubiria euskal musikaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da. 1970eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte luzatzen den ibilbidean, aparteko gaitasuna duen interprete eta musikagilea dela utzi du agerian eta funtsezko eragina izan du haren ondorengo euskal musikarien belaunaldietan. Kantu tradizionalen gaurkotzaile gisa egindako lanak eta euskal zinemaren puntako soinu-bandetan izandako lankidetzak haren lan artistikoaren garrantziaren neurria ematen digute".