Tigre eltxoa Zubietan

Noaua Aldizkaria 2021ko abu. 27a, 11:00

Donostiako Udalak hiriburuko hainbat txokoetan eta Zubietan ere tigre eltxoa agertu dela baieztatu du egunotan. Zainketa plana indartzea erabaki du.

Donostiako Udalak tigre eltxoa dagoela baieztatu du hiriburuko zenbait txokoetan (Berioko autokarabanen aparkalekuan edota Gladys-enea parke ondoko Alkolea kalean) eta baita Zubieta aldean ere, Gipuzkoako hiriburuko udalak zehaztu duenez, "hipodromoaren inguruan, Zubietako garraio-zentroan". Horregatik, "Osasun Publikoko Departamentuaren bitartez, tigre eltxoa zaintzeko plana indartu du".

17 laginketa-gune jarriak zituen hiriburuko Udalak "udalerri osoan banatuta eta arbitroz hornituta, eltxo inbaditzaile horren aurrerapena monitorizatzeko". 

Berioko autokarabanen aparkalekuan aurkitu zuten lehenbizikoz tigre eltxoa 2018an. Orain, "Donostiako ohiko udak posible egin du intsektu hori hiriko hainbat tokitan egotea, eta, horrela, udalerrian aurrera egin duela baieztatu da". 

Behin, animalia hau agertuta, "bere hedapena saihesteko jarduten da", dio Donostiako Udalak. Baina dioenez, "prebentzioa da gakoa. Eltxoa ugaltzea eragotzi behar da". Horretarako Donostiako Udaletik diotenez, "aldizkako azterketak egin behar ditugu gure balkoietan eta terrazetan, ur-metaketak saihestuz".

Ura geldirik dagoen tokiei adi
Eltxo tigrea, espezie "inbaditzaile bat da, Asiako hego-ekialdetik datorrena. Hainbat gaixotasun transmititu ditzake, hala nola Zika, dengea eta, bereziki, Chikungunya birusa". Buruan eta toraxean marra zuriak izaten ditu. Bere jarduera garaia antza maiatzean hasi eta azarora arte luzatu daiteke. "Hiriguneetan hazten dira, ura geldi dagoen ontzi txikietan. Eltxo tigre eme batek 200 arrautza ere jar ditzake, astebetean, ontzi txiki batean". Antza, erropa finenek ere erakar dezakete, bereziki, "arropa ilunek, kamuflajerako balio dietenak eta tenperatura handiagoa dutenak". 

Horrez gain, "intsektu horrek nahiago ditu ur-edukiontzi naturalak, hala nola zuhaitz-enborren zuloak, edo artifizialak, hala nola loreontzien platerak, pneumatikoak, ontziak, latak, etab. Leku horietan erruten ditu arrautzak eta uretako bizitzaren lehen zikloa hasten du. Puntu horretan jardun behar da, eta horretarako oso garrantzitsua da herritarren laguntza".

Egoera honen aurrean, aholku sorta hau plazaratu du Donostiako Udalak:
-Astean bitan hustu ura duten ontziak: loreontzien azpiko platerak, pitxerrak, kuboak, jostailuak, etab.
-Gure animalien isurbideetako ura bizpahiru egunez behin berritzea.
-Hustubideetan ura botatzea gutxienez astean behin, ura geldi ez dadin.
-Ekidin ur-metaketak inbornaletan, estolderietan eta teilatuetako erretenetan.
-Eltxo-sareak erabiltzea leihoetan, deposituetan, ureztatzeko ura duten ontzietan, etab.