Ez da lehen aldia, ezin jakin gehiago izango diren. Beste sute bat izan da aste hasiera honetan Zubietako erraustegian; oraingoan, hondakin organikoak tratatzeko biometanizazio plantan. Honako hau GuraSOSen esanetan, gutxienez eremu horretan izan den bederatzigarren ezbeharra da jada. Lehendik ezagutzera emana zuen ezbeharren zerrenda eguneratu du kronologikoki:
1-2018ko martxoaren 22an SOS Deiak-ek dei bat jaso zuen. Arkaitzerrekan isurketa bat izan zen. Erraustegiaren obrak ziren.
2-2019ko ekainaren 11n leherketa bat eta sute txiki bat gertatu ziren transformadore nagusiaren babes lekuetan. Transformadorea baimenik gabe eraiki eta martxan jarri zuten.
3-2019ko uztailaren 28an isurketa berri bat izan zen Arkaitzerrekan.
4-2020ko maiatzaren 9an bizilagun batek SOS DEIAK-i deitu zion. Ehunka arrain eta aingira hilda agertu ziren Arkaitzerrekan. Istripu-kimikoa. Egun batzuk zeramaten ur amoniakodun milioika litro isurtzen. Errekaren ekosistema txikitu zuen; erabateko delitu ekologikoa.
5-2020ko irailaren 1ean berriro transformadore nagusian sute bat izan zen. Hirugarren industria-istripu larria.
6-2020ko azaroan sute larri bat gertatu zen erraustegiaren hondakinen hobian. Ez zieten suhiltzaileei deitu, eta langileek beraiek kontrolatu zuten sua.
7-Abenduaren 31n erraustegiaren hobian sute berri bat izan zen, langileek amatatu zuten.
8-2021eko urtarrilaren 12an hirugarren sutea bi hilabeteko epean. Oraingoan suhiltzaileei deitu zieten eta SOS DEIAK-ek Twitterren gertaeraren berri eman zuen. Sutea bezperan sortu zen.
9-2022ko urtarrilaren 3an sutea biometanizazio plantan.
Soldadura lanetan zirela piztutako sutea
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) eman du azken sute honen berri, "baina berandu eta derrigortuta" GuraSOSek ohar bidez adierazi duenez, herritar batek gertatzen ari zena salatzeko irudiak bideo batean jaso eta sare sozialen bidez partekatzen hasi ostean. Bideo honen ostean, GuraSOSek ere sutea egon dela baieztatu ahal izan du suhiltzaileen bidez. "4 unitate mobilizatu dituzte, hiru kamioi handi eta txiki bat".
Sute honi buruzko xehetasun gehiagoren berri jaso ahal izan du baita aipatu elkarteak. "GHK-k adierazitako tailerrean piztu da, soplete baten txinpartekin eta txinparta hauek sustantzia sukorretara heldu ostean, GHK-ren oharrak ezkutatu edota saihesten duen datua".
Datuok eskuartean izanda, GuraSOSek salatzen duenez, "soldadura lanak sustantzia sukoietatik gertu egitea segurtasun arduragabekeria larria da. Beste bat". GuraSOSek aipatu moduan zenbatuak dituenez, dagoeneko gutxienez bederatzigarren istripua da honako hau. "Urte hau beste sute batekin hasi da". Eta amaitu berriz, gogoan izan, langileen greba egun eta lan uzteekin bukatu zuten; hain zuzen, erraustegiko instalakuntzen segurtasun falta salatzeko bai langileentzat, baita ingurumenarentzat ere.
Instalakuntza jasangarrietatik at
"Planta seguru eta moderno gisa saldu zaiguna segurtasunaren porrot sistemikoa dela egiaztatu da. Konponbidea bilatu behar zaio, berandu izan baino lehen, errealitate hori ezagutu eta proiektuaren porrotetik abiatuta". Ingurumen ikuspegitik ere proiektuaren porrota nabarmentzen du GuraSOSek. "Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak instalakuntza jasangarri eta ekonomia zirkularretik kanpo utzi ditu balorizazio energetiko gisa izendaturiko plantak, birziklapenean eta klima aldaketan dituzten eragin negatiboengatik".
Azken egunotan albiste izan da, instalakuntza jasangarrien artean txertatu asmo dituztela zentral nuklearrak eta gasezkoak. GuraSOSek ohartarazi du, erraustegiak ez dituztela bertan sartu, "egungo ingurumen erronkei begira" ezin direlako inolaz ere onartu.