Ostiral honetako urriaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak dakar albistea. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) "Donostiako udalerrian (Gipuzkoa), Zubieta auzoan Arkaitz errekastora isurtzen duen cmg1 plataformako ibarbidearen hondoko drain-hodiaren irteerara ponpaketa-sistema bat eraikitzeko obrak" egiteko baimena eskatu duela berri ematen ari da GAO.
Uraren Euskal Agentziaren baitako Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoak kaleratu duen iragarkiak zehaztu duenaren arabera, "ponpaketa-putzu berri bat egingo da hondoko drain-hodiaren irteeran, Arkaitz errekaren ondoan, 2,00 x 2,00 m²-koa, eta PEko Ø100 mm-ko bultzada-hodia egingo da putzutik hasi eta erraustegiko instalazioetara sartzeko tunelaren ondoan dagoen saneamendu-sarearekin konektatu arte".
Baimen eskaera hau jendaurrean jarri du Uraren Euskal Agentziak. Eta hala segiko du 23 egun balioduneko epean, biharamunetik, urriaren 29tik zenbatzen hasita. "Horrela, obra horiek kalteak eragiten dizkietela irizten dutenek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, epe horren barruan, hemen: Uraren Euskal Agentzia-Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoa. Era berean, bulego horretan bertan egongo da espedientea, nahi duenak aztertu ahal izan dezan".