Zubietako erraustegia

Erraustegiaren lurpeko uretako dioxina eta metal astunak Zurriola hondartzara bidean jartzeko arriskuaz ohartarazi du GuraSOSek

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 3a, 15:14

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Zubietako erraustegiko lurpeko uretan aurkitutako dioxinak eta metal astunak Donostiako Zurriolako hondartzara birbideratu nahi dituela salatu du GuraSOSek. Azaroaren 27rako mobilizazio handi bat iragarri du Gipuzkoako hiriburuan.

Aurreko ostiralean berri eman genizuen moduan, Zubietako erraustegiak hainbatetan kaltetu duen Arkaitzerrekan ponpaketa-sistema bat eraikitzeko baimena eskatu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK). Ez da edozein albiste, iragan urriaren 28an URA-k Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkia, gaur GuraSOSek agerraldi bidez salatu duenez. "GHK Partzuergoak Añarbeko hodi biltzailera ura ponpatu eta isurtzeko baimena eskatu dio Uraren Euskal Agentziari (URA), Monpaseko hustubidetik irtengo litzatekeelarik, Zurriolako hondartzaren inguruan, dioxina eta beste osagai kutsakorren arazketarik gabe, zeren eta Loiolako Hondakin Uren Araztegian (HUA) ezarritako sistema ez da egokia helburu horretarako".

Albiste honen aurrean, begi bistako ondoriora heldu da GuraSOS. Iragan uztailean Arkaitzerreka gorritu eta apartsua agertu ostetik "lau hilabetez behin eta berriz ezeztatu ostean, Partzuergoak orain onartu du ur hauetan kutsadura arazoa dagoela". Onarpen horrek duen larritasun mailarekin.

Gogoan izan, GuraSOSek gogorarazi duenez, GHK-k gezurtatu egin zuen uztailaren 14an Arkaitzerreka gorritsu eta apartsu agertu ostean GuraSOSek salaturikoa. "Lixibiatu eta instalakuntzako prozesuetatik sortutako filtrazio baten aurrean egon gintezkeela", salatu zuen GuraSOSek orduan. GHK-k "asmo txarreko manipulaziotzat" jo zuen.

Ponpaketa-sistema
GHK-k URA agentziari eginiko baimen eskaera honi buruzko hainbat xehetasun gogorarazi ditu GuraSOSek. Une honetan baimen-eskaera jendaurrean egongo da 23 egunez, urriaren 29tik zenbatzen hasita, "obra horiek kalteak eragiten dizkietela irizten dutenek" erreklamazioak aurkeztu ditzaten, "hemen: Uraren Euskal Agentzia-Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoa. Era berean, bulego horretan bertan egongo da espedientea, nahi duenak aztertu ahal izan dezan".

GuraSOSek URA agentziaren txostenaren bidez jaso ahal izan dituen datuen arabera, "lanek bi hilabeteko iraupena eta 369.087,50 euroko aurrekontua izango dutela zehazten da". Egin beharreko lanak aldiz honako hauek dira. "GHK-k ponpaketa sistema bat eraiki nahi du, Zubieta auzoan Arkaitz errekastora isurtzen duen cmg1 plataformako ibarbidearen ondoko drain-hodiaren irteerara". Hau dena, "putzutik hasi eta erraustegiko instalazioetara sartzeko tunelaren ondoan dagoen saneamendu-sarearekin konektatzeko".

"Onartutako kutsakortasun maila gogorreko balioak baino 62 aldiz altuagoak"
Egitasmo honen garrantziaz jabetzeko, ostegun arratsalde honetan bertan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa egitekoa den asanblada orokorreko hizpide nagusi eta bakarra izango da gai hau. Hala dio GHK-k berak. "Ingurugiro mailako afekziorik gabeko lixibiatuaren filtrazioari buruzko informazioa emango dutela iragartzen dute, "zehatzago esanda, hartutako neurri zuzentzaile eta prebentiboei dagokiona".

Baimen eskaera biltzen duen txostenak aitortzen du "gaur egungo isurketa ez dela ibaiarentzat egokia". Zergatiak ez ditu zehazten baina GuraSOSen esanetan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurugiro Sailburuordetzaren esku dauden "GHK-k berak eskatutako txosten publikoek frogatzen dute azken bi urteetan dioxinak eta furanoak aurkitu direla lurrazpiko ur horietan, "onartutako kutsakortasun maila gogorreko balioak baino 62 aldiz altuagoak". Hori gutxi ez eta, "metal pisutsuak, amonioa, kloruroak, fenolak eta TPH (hidrokarburoak) ere aurkitu dira. Hauek denak ohikoak direlarik hondakinen errekuntzan, orokorrean eta zehazki plastikoetan. Lindanoa ere agertu da zenbait laginetan".

GuraSOSek ohartarazi dutenez, "Loiolako HUA ez dago hornitua erraustegiak isurtzen dituen elementu kutsakorrak desaktibatzeko beharko lituzkeen prozedura teknikoekin. Araztegia hornitua dagoen hiru ekipamenduek, hala nola, "aurre-tratamenduak", hau arduratzen delarik lodi eta finen arbasketa, dreinaketa eta koipegabetzeaz, edota uretan disolbatutako materia organikoa ezabatzeko tratamendu biologikoa eta dekantazioak ez dute posible egiten erraustegiko isurketako osagarri kutsakor horiek araztea".

Baimen bakarra
GHK-k gauzatu nahi duen egitasmo hau bideratzeko, hau da, erraustegiak Añarberen saneamendu-sarera isurtzeko behin-behineko baimen bakarra du GuraSOSen esanetan, "2019ko apirilaren 29an aipatutako erakundeko Kalitate Kontrol Saileko arduradunak emana". Baina halere baimen horretatik kanpo geratzen da "ingurugiroan edo arazketaren prozesuan bideragarritasun edo errendimenduan arriskuzko edo aparteko intzidentzia eduki dezaketen hondakin-urak". Horrez gain, "espresuki aipatzen dira gainera, debekatutako substantziak: kloruroak, kobrea, zinka eta fenolak. Osagai hauek ziren, zehazki Usurbilgo Udalak uztailean Arkaitzerrekako ubidean eskatutako analisietan atera zirenak".

Gainerakoan, GHK-k bideratu nahi duen proiekturako (eta URA-ri egin dion baimen eskaeraz gain) ez du bestelako baimenik. "Ez Ingurumen Baimen Bateratuak, ez Ingurumen Inpaktu Adierazpenak ez eta Añarbeko uren hodi-biltzaileak ez dute aurreikusten halako ezaugarriak dituen isurketarik".

Mobilizazioa
Gertatzen ari dena salatzeko mobilizazio handi bat prestatzen ari da GuraSOS. Adi, azaroaren 27an izango da eguerdiko 12:00etan Donostian. Asteotan emango dute xehetasun gehiagoren berri.