2020ko maiatzean ehunka arrain eta aingira hilda agertu ziren erraustegitik isuritako amonioaren eraginez Zubietako Arkaitzerrekan. Igaro den uztailaz geroztik apartsu eta gorritsu ikusi dugu udan zehar. Eta azken aldian modu horretan dago erraustegi azpitik igarotzen den erreka; albiste honi atxikitakoak egunotan jasotako irudiak dituzue. Kutsadurari "eusteko" uda amaieran jarritako "hesiak" hortxe jarraitzen du.
Dagoena, eremu honetan gertatzen ari dena jendarteari erakusteko, argibideak eskaintzeko Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak martxa antolatu du behin baino gehiagotan erasotua izan den Arkaitzerrekara larunbatean, azaroaren 12an. Goizeko 10:30etan herritarren zutabe bana abiatuko da oinez; bat Zubietako plazatik, bestea Usurbilgo frontoi ingurutik. 11:00etan elkartuko dira zutabeok lerrootako protagonista dugun errekan. Badaezpada katiuskak eramateko deia egin dute.
"Hemen egiteko asmoa dutena, arazoa estaltzea da”
Komunikabideak ere deituko dituzten hitzorduan, orain arte Arkaitzerrekaz hitz egin den guztiaren ondotik, “bere begiekin ikustea nahi genuke zer dela eta sortzen den kutsadura leku horretan”.
Horixe baita Arkaitzerreka martxaren antolatzaileen esanetan, gain-gainean duen erraustegian “oharkabean” gertatzen denaren lekukoa; “beste kutsadura batzuen artean erraustegiak lurrera ere filtratzen dituelako eta arrisku asko daude. Zerbait gertatzen bada Arkaitzerrekak erakutsi egiten du”.
Azken aldian eremu honetan gertatzen ari dena argiago izateko “oso garrantzitsua da hona etorri eta bertan ikustea zer dela eta ari den gertatzen eta horrek dituen arriskuak, eraginak non izan ditzakeen aztertzea”. Azalpenak eskainiko dituzte Arkaitzerrekan bertan. “Hemen delitu ekologikoa gertatzen ari da egunak joan eta eguna etorri eta konponbiderik ez dute eman nahi. Hemen egiteko asmoa dutena, arazoa estaltzea da”. Gogoan izan, urriaren 28an aurreratu genizuen albistea; Arkaitzerrekan ponpaketa-sistema bat eraikitzeko baimena eskatu ziola Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) URA Agentziari. Modu horretan, GHK Zubietako erraustegiko lurpeko uretan aurkitutako dioxinak eta metal astunak Donostiako Zurriolako hondartzara birbideratu nahi dituela salatu du GuraSOSek egunotan.
"Erreka hil nahi da"
Larunbateko martxaren antolatzaileek erraustegiak eragindako kutsadura estaltzeko dagoen asmoa salatu nahi nahi dute martxa honen bidez. “Helburua hau ahal bada estaltzea da eta estaltzearekin esan nahi duguna da, Arkaitzerreka erraustegitik behera ia-ia urteko hilabete gehienetan urarik gabe geratuko litzateke lehortuta. Erreka hil nahi da; lehen bizitza kendu nahi zioten, orain ura ere kendu nahi diote”. Jendarteari martxan parte hartzeko gonbita luzatu diote.
ARKAITZERREKARA MARTXA
Eguna: azaroak 12, larunbata.
Ordua: 10:30.
Tokia: Zubietako plaza eta Usurbilgo frontoi ingurua-Mikel Laboa plaza.
Zehaztasunak: Zubietako Arkaitzerrekara martxa, eremu horretan gertatzen ari dena bertatik bertara ikusi eta antolatzaileen azalpenen bidez ezagutzeko.
Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.