Azken aldi luzean Zubietako Arkaitzerrekara isurtzen ari diren kutsadura, handik Oriara doa eta gero itsasora, eta orain Donostiako itsasertzera desbideratu nahi dutela salatu du asteotan GuraSOSek. Erraustegiaren kutsadura itsasoratuko den zonaldean, Donostiako Zurriolan manifestazioa antolatu du igande honetan, azaroaren 27an (12:00etan Kursaalen) "dioxinak ez Orian, ez Zurriolan!" aldarripean, eskaera argi bat plazaratzeko; "erraustegiaren prebentziozko geldialdia eskatzen dugu orain!".
Mobilizazioa nolakoa izango den aurreratu dute antolatzaileek. "Arraunlarien ordezkaritza baten ibilaldi ireki batekin hasiko da. Zurriola hondartzatik etorriko diren surfistak batuko zaizkie geroago. Bertan bilduko diren herri ordezkaritza batek irakurriko duen manifestuarekin amaituko da".
Gonbita egina dago beraz. "Igandean denok Donostiako Kursaalera!", animatu gaitu GuraSOSek.
Orohar herritar guztiak etziko protesta ekintzan partehartzera deitzen ditu GuraSOSek, baina baita surf eta itsas ekintza anitzetako zaletuak ere. "Zurriolan bildu behar gara Arkaitzerrekara, Oriara doan isuri toxikoa salatzeko" baita, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Ura Agentziari eginiko baimen eskaera gauzatzen bada, etorkizunean Zurriolatik gertu Donostiako Monpas parean itsasoratuko delako erraustegiak eragindako kutsadura. Gogoan izan, ponpatze-sistema bat eraiki nahi dute Zubietako Arkaitzerreka erasotuan, orain arte bertara isuritako toxikoak Loiolako araztegira eta handik itsasora desbideratzeko.
Ebidentzien aitorpena
Azken egunotan jazotakoaz mintzatu da GuraSOS. Elkarrekin Podemos-IU koalizioak Eusko Legebiltzarrean eginiko galderei erantzunez Arantxa Tapiak gehiegizko isuriak daudenean erraustegia automatikoki geratzeko sistemarik ez dagoela aitortu zuen. "Isurketak izan direla eta isurketa hauen kanalizazio planak aitortu dituzte Jose Ignacio Asensio foru ingurumen diputatuak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburuak". Gertatzen ari denagatik are beharrezkoagoa da GuraSOSen esanetan, "herritarrak mobilizatzea, gizartearen kontzientzia kritikoa eta igandean antolatu dugun manifestaziora joatea".
Erraustegia prebentiboki berehala geratu eta Zubietako instalakuntzaren kontrol demokratikoa bermatzeko administrazioaren eta herritarren arteko elkarrizketa bidea zabaltzea exijitzeko eskaeran berresten dute GuraSOS, egunotako eta urteotako gertakariek.
Garraio publikoa baliatzeko deia
GuraSOSen mobilizazioaren egun berean urteroko Maratoia ospatuko dute Donostian. Horregatik aipatu hitzordura joateko garraio publikoa erabiltzera deitu dute. Usurbildik hiriburura joateko tren zerbitzua 60 minuturo izango duzue, igande goizeko 8:24an hasita. 14 minutu behar izaten ditu trenak Donostiako Amarako geltokira heltzeko.
Autobusak ere orduero goizeko 7:10ean hasita Usurbildik (bost bat minutu lehenago Aginagan). Baina adi, Maratoiagatik hain zuzen, 8:10-13:10 arteko zerbitzuak Donostiako autobus geltoki nagusira joango dira zuzenean, hiriburu barruko gainerako geltokietatik ez da igaroko autobusa. 14:00ak arteko irteerak ere geltoki horretatik abiatuko dira Usurbil aldera.
Atxikimenduak
Eragile eta aurpegi ezagun anitzen babesa jaso du jada hitzorduak. Besteak beste, "Eguzki, Ekologistak Martxan edo Greenpeace talde ekologistak, CCOO, ELA eta LAB sindikatuak", bat egin dute azaroaren 27ko manifestazioarekin. Baita, "Ulia eta Gros auzoko (Hondarpe) bizilagunen elkarteak, Zurriolan egoitza duen Groseko Indarra surf elkarteak", eta haiekin, besteak beste, "itsasoarekin harreman estua duten kirolariek, Juanmari Etxabe eta Igor Makatzaga entrenatzaileek, Sarai Lizaso eta Iñaki Errasti arraunlariek, Axi Muniai Olatu erraldoien surfistak, kulturako eragileek, Kristiñe Solanok (Amak), Andoni Bastarrikak (eskultorea) edo Gorka Otxoa aktoreak, unibertsitateko irakasleek, Peio Lozano biologoak bezala, herritarrak, ikasleek...,".
Hainbat atxikimendu bideo hauen bidez ezagutarazi ditu GuraSOSek:
GURASOS-EN ADIERAZPENA
Kezkatuta. Gipuzkoako gizartearen gehiengo zabala hasieratik egon da kezkatuta, egin behar zuten erraustegiarekin. Horrela baieztatu zuen, agintariek eskatuta Biodonostia-EHU eta Osasun Sailak 2017an egindako ikerketa batek.
Erraustegia egitearen alde zein aurka, gipuzkoarrok bat etorri gara gauza batean: osasuna eta ingurumenerako bermeak behar ziren.
Horren jabe, agintariek hitza eman zuten erraustegia egin aurretik:
- Airera isurtzen diren zabor kutsatzaileen muga gaindituz gero, sistema automatiko bat izango zela hondakinen erretzea gelditzeko.
- Kutsadura parametroak betetzen ez baziren, erraustegia gelditu egingo zutela, eta arazoa konpondu arte ez zutela berriro martxan jarriko.
Erraustegia egin zen. Abian da duela bi urtetik, eta orain arte kezka zirenak, errealitate gordin bihurtu dira: suteak noiznahi; eraldagailu nagusia erre egin dute eta berria ekarri behar izan dute; arazoak dituzte labeetan; arazoak elektrizitatea ekoizteko (aurreikusitakoaren heren bat sortzea lortu dute soilik) eta, okerrena, arazoak kutsadurarekin. Jakin izan dugu ez dutela labea eteteko sistema automatikorik jarri kutsadura antzematen denerako; lixibiatuen filtrazio handia dago prozesu-uren sistema itxiak huts egin duelako; Arkaitzerrekan hainbat isurketa larri izan da, amonioarekin, lixibiatuekin... Inguruko lurretan maila handiko kutsadura agertu da fenolekin, hidrokarburoekin; lur azpiko uretan dioxinak eta furanoak azaldu dira (kutsadura larriaren maila 62 aldiz gainditu arteraino), metal astunak (kobrea, zink, nikel...), amonioa, kloruroak... Aireko isurketek ere dozenaka aldiz gainditu dute gehieneko maila.
Kutsadura hau guztia Oria ibaira doa. Aurreko astean jakin dugu baimena eskatu dutela URA ur agentzian obra hidrauliko bat egiteko, emari toxikoa Añarbeko hondakin-uren sarera bidali ahal izateko, Monpas-Sagues aldean, Zurriolako hondartza inguruan, isurtzeko asmoz.
Hemen, zuen aurrean, gizartearen ordezkaritza zabala gaude: Itsasoan bakoitzak bere kirola jorratzen duten arraunlariak eta surflariak, kultur eragileak, auzo elkarteak, talde ekologistak, sindikatuak, ikasle elkarteak, herritar oro, gertatzen ari denarekin OSO KEZKATUTA gaudela adierazteko.
Errealitate gordin honi ezin zaio muzin egin. Zerbait egin behar dugu, beste egoera bat aldarrikatzeko. Natura, ibaiak, itsasoa, airea babestu behar ditugu. Osasuna babestu beharra daukagu.
GELDITU erraustegia, kutsadura arazo larri hauen jatorria identifikatu eta konpondu arte; erraustegiaren funtzionamendu okerra aztertu eta konpondu izanaren bermeak izan arte.
Kontrol demokratiko zorrotza, gaur egun ez dagoena, behar du erraustegi horrek. Agintariek, emandako hitza bete behar dutela aldarrikatu beharra daukagu.
Dei egiten diogu, gizarte zabalari, denon artean babes-harresi sendo eta garaiezina eraikitzeko, Zurriolako inguru paregabean hau guztia irudikatzeko, azaroaren 27an, igandean, eguerdiko 12:00etan, Kursaaletik Sagues arteko tartean oinkari jardun eta aldarri ozenaren oihartzuna lau haizetan entzunarazteko.