HAPO

Oria eta ibaiertza, HAPO-aren protagonistak Zubietan

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 1a, 14:56

Datozen 15 urteotako udalerria diseinatuko duen Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) hasieraz onartua eta alegazio epean du Usurbilgo Udalak, urtarrilaren 31ra arte. Planeamendua herriratzeko baliatzen ari da tarte hau. Potxoenean eta Aginagan egin bezala, Zubietako Kaxkapen aurkeztu du HAPO-a asteazken honetan.

2014az geroztik eginiko lanketaren emaitza jasotzen du planeamenduak. Herritar eta eragileekin lankidetzan jorratu du ordutik gaurdainoko bidea, hamaika parte hartze prozesu eta azterlanen bidez. Tartean, 2020an Zubietan bideratu zuen "Eta guk Zubietan zer?" prozesua Zubietako Herri Batzarrak, Usurbil eta Donostiako Udalekin lankidetzan. Saio haietan, Zubietako etorkizuna marrazteko aukera izan zuten bizilagunek. Ekarpenak gero, Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) txertatu asmo zituztela iragarri zuten.

Ibaia protagonista
Oria eta ibaiertzean eragin nahi du Hiria Antolatzeko Plan Orokorrak (HAPO). Batetik, "Aliri zubi ondoan, jarduera industrialeko ibaiertzeko eremua berrantolatzea proposatzen da, uholde arriskuak txikitu eta ibai parke bat sortzeko helburuz". Bertako fluxu-eremuan kokaturiko jarduera industriala etetean, gune hau "libratu eta bertan dauden oztopoak eta betelanak kentzea proposatzen da". Fluxu-eremu horretatik at 21 etxebizitza eraikitzea URA ura agentziarekin lankidetzan; 5 sozialak, 4 tasatu eta 12 libre. Etxebizitza gehiago, Errotabide eremuan; 28 guztira (23 sozial eta 5 tasatu), "gazteei begira", ekipamendu komunitarioko partzela batekin batera.

Ibai-ertzeko parkea eraikitzea ere proposatzen da Arsuagako parke ondoan eta parkea bera "Txikierdiko etxebizitzetara eta Oriako ibaiertzera are gehiago irekitzea bilatzen du" aipatu plangintzak. Arsuaga ondoan, Zapategiko eremua garatuko da etorkizunean; gogoan izan, Gureak eta Balfer inbertsoreak erakarritako jarduerak kokatuko dituzte bertan. "Michelinen kokapena izan zena eremu degradatua da egun, eta asmoa da eremu hori berrantolatu eta erabilera industriala mantenduz jarduera ekonomikoetara bideratzea". 24.000 metro karratuko ingurune hau Urbil eta Oriarekin lotuko ditu oinezko-bizikleta bideak. "Txikierdi eremuko oinezko eta bizikleta bidezko loturak indartzea proposatzen da, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin berri duen Urbil inguruko bizikleta-bideari jarraipena emanez Usurbilgo Kaxkoraino".

Garraioaren gaia aipatuta, zonalde honetako industria eta merkatalgune honetara joan-etorri asko izaten da ibilgailu pribatuan. Horregatik, "garraio publikoa sustatzeko giltzarria da Euskotreneko geltoki zaharra berreraikitzea", dio HAPO-ari buruz Udalak argitaraturiko aldizkariak. Gaineratu duenez, "tren geltokiarekin batera, trenbidea gainditzeko eta egungo aparkaleku eremura iristeko igogailua ere eraiki beharko litzateke". 

Handik hurbil, Urbil merkatalgune ondoko Atsobakar eremuan (Usurbilgo udalerrian kokatua, baina lurrak Lasarte-Oriako Udalarenak) "kirol ekipamendu berria garatuko du Lasarte-Oriako Udalak: atletismo pistak dituen futbol eta errugbi zelai berria egingo dute bertan. Ondoko lurrak bere horretan mantenduko dira Atsobakarreko parkea izendatuz". 

Informazio gehiagorako...
Erakusketak:
-Azaroak 30-abenduak 6: Zubietako Kaxkape.
-Abenduak 7-31: Sutegi.

Arkitektoarekin hitzorduak
Azaroan eta urtarrilean
-Astelehen arratsaldeak: 17:00-19:00.
-Astearte goizak: 9:00-13:00.
Hitzordua eskatu aurrez: 943 371 951.

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

Erlazionatuak