Arkaitzerreka izan dugu hizpide azken urteotan, bereziki erraustegitik 2020ko maiatzean eta 2022ko uztailean izandako isurketek ehunka arrain hil eta kutsatu zutenetik. Iazko udan, etenik ez zuen bigarren isurketaren ostean, Arkaitzerrekan ponpaketa-sistema bat eraikitzeko baimena eskatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, GHK-k. Hala jakinarazi zuen iragan urriaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak.
Gerora, GuraSOSek azaroa amaieran deitutako mobilizazioan salatu zuen moduan, asmoa, erraustegitik Arkaitzerrekara isuritako kutsadura Loiolako araztegira eta handik itsasora bideratzea zen, aipatu ponpaketa-sistema hori eraikita.
Zenbait obra
Orain proiektu horretan aldaketak izan direla berri eman du GHK-k, ostegun honetako, maiatzaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Uraren Euskal Agentziak argitara emandako iragarkian.
Hala dio testuak: "Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa(e)k (IFZ: G20960183) baimena eskatu du hau egiteko: Donostiako udalerrian (Gipuzkoa), Zubieta auzoan Arkaitz errekastora isurtzen duen cmg1 plataformako ibarbidearen hondoko drain-hodiaren irteerara ponpaketa-sistema bat eraikitzeko obrak".
Orain, ordea, "proiektua aldatu ondoren", obra hauek egingo direla ohartarazi du. "Ponpaketa-putzu berri bat egingo da Arkaitz errekaren ondoko hondoko drain-hodiaren irteeran, 2,00x2,00 m²-koa, eta PEko Ø100 mm-ko bultzada-hodia egingo da putzutik plataformaren zati horizontaleko belardira iritsi arte, eta bertan 150 m³-ko edukierako atxikipen-depositu bat jarriko da. Behin biltegiratzeko andelean biltegiratuta, non andelak 40 ordu baino gehiago izango ditu biltegiratzeko 1 l/s-ko ponpatze-emaria kontuan hartuta, urak aztertuko dira".
Horren ostean hiru aukera daudela gaineratu du. Batetik, "isurtzeko baimena izanez gero, ponpatutako ura udaleko saneamendu-sarera konektatu ahal izango da". Halako baimenik ez badago "edo lixibiatuaren osaerari buruzko zalantzarik badago, ura andelak duen ponpa beraren bidez desbideratu ahal izango da eta zisterna-kamioietan deskargatu ondoren lixibiatua kanpoan tratatzeko". Hirugarren eta azken aukera; "isurketarik ez badago eta isurketan kutsadura-zantzurik ez dagoela egiaztatzen bada, zorroten mailakatura arindu ahal izango da isurketa, errekara itzultzeko".
Erabaki hau jendaurrean jarri du Uraren Euskal Agentziak, gaurko GAOn berri eman duenez. Jendaurrean izango da bihartik, maiatzaren 5etik zenbatzen hasita 23 egun balioduneko epean. "Horrela, obra horiek kalteak eragiten dizkietela irizten dutenek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, epe horren barruan, hemen: Uraren Euskal Agentzia - Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoa. Era berean, bulego horretan bertan egongo da espedientea, nahi duenak aztertu ahal izan dezan".