Zubietako erraustegia

GuraSOS: "Oria eta Zurriola arriskuan daude oraindik"

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 9a, 18:03

Hala jakinarazi du GuraSOSek "GHK-k Añarbeko kolektorearen bidez kutsatutako urak husteko hasierako plana aldatu" ostean. Proiektu aldaketa honi erreklamazioak aurkeztuko dizkiola jakinarazi du aipatu elkarteak.

Hiru urte bete berri dira, Zubietako bizilagunek Arkaitzerrekan ehunka arrain eta aingira hilda ikusi zituztenetik. Gerora egiaztatu ahal izan zen moduan, erraustegitik isuritako amonioak eragin zuen hondamendia. Iazko uztaila erdialdean erreka apartsu eta gorri ikusi ahal izan genuen. Erabat kutsatua dago ordutik. Horren aurrean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) urriaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman zuenez, URA agentziari Arkaitzerrekan ponpaketa-sistema bat eraikitzeko baimena eskatu zion.

Gerora, GuraSOSek azaroa amaieran deitutako mobilizazioan salatu zuen moduan, asmoa, erraustegitik Arkaitzerrekara isuritako kutsadura Loiolako araztegira eta handik itsasora bideratzea zen, aipatu ponpaketa-sistema hori eraikita. 

Iragan astean, ostegun honetako, maiatzaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean aipatu proiektu hau aldatu egin zela berri eman zuen Ura Agentziak, erabaki honen xehetasunen berri eman eta jendaurrean jartzearekin batera. "GHK-k proiektua aldatu izanak esan nahi du aurrekoa bertan behera utzi dela, eta, beraz, berriro hasten da prozedura hutsetik", argitu du GuraSOSek azken orduotan jakinarazi duenez.

Horrez gain, "GAOren iragarpenak bi zentzutan berretsi ditu GuraSOSen salaketak. GHK isilbidez onartzen ari da kutsadurarik badela eta ez duela Añarbeko Mankomunitatearen isurketa-baimenik, eta, aitzitik, agerian uzten ditu bai ingurumen-baimena eman zuen Ingurumen sailburuordea. GHKk  GuraSOS elkarteari faltsukeriak zabaltzea eta larritzea leporatu zion".

Erreklamazioak aurkeztuko dituzte
Albiste honen harira, GuraSOSek jakitera eman duenez, "orain aldatutako proiektuari buruzko erreklamazioak aurkeztuko dizkio URAri, onartezintzat jotzen duelako erabilitako anbiguotasuna, eta uste duelako Europako ingurumen-zuzenbidearen prebentzio- eta arreta-printzipioek eta legeak berak arazoa konpontzera eta edozein arrisku saihestera behartzen dutela".

Horrekin batera, GuraSOSek Arantxa Tapia ingurumen "sailburuari gogorarazten dio “instalazioak aldi baterako, osorik edo zati batean, ixteko neurria hartu behar dela, bai eta Lege honetako 2. artikuluan aurreikusitako behin-behineko neurriak ere. 1/2016 LEDaren 35 artikulua, arriskua edo kaltea sortzen jarraitzea eragozten duena”.

Elkarte honetan esanetan, azken egunotako erabakiarekin, "
zentzugabekeria baten aurrean gaude, eta horren erakusgarri da atzematen diren ur kutsatuekin zisterna-kamioiak kargatzeko soluzioa”  mahai gainean jartzea (jakina, kutsaduraren zati handi bat ezingo da hartu). Logikoena ihesarekin amaitzea da, GHK-k bere hobi pitzatuen matxura eta erraustegiko ur-sarearen estankotasunaren galera konpontzera behartuz".

Baikortzat jotzen du "
gizarte zibilaren erreklamazio eta errekurtsoen ondorioz agintariek atzerapausoa eman behar izana, baina kezkatuta agertu da gaur egun Oria ibaiaren lixibiatu kutsatzaileekiko etengabeko kutsadurak eta horren zati bat Zurriolara bideratzeko arriskuak badirautelako". Horregatik GuraSOSek dioenez, "Oria eta Zurriola arriskuan daude oraindik".

Onartezintzat jotzen dute gainera, "GHKren esku utzi nahi izatea, delitu ekologikoagatik ikertuta, hain zuzen ere errekara egindako isuriengatik, Monpasen Zurriola ondoan isurtzen den saneamendu-sarera edo errekastora bertara isurtzen den erabakitzea. Alternatiba horiek desagertu egin behar dira ingurumena (itsasoa eta ibaia, fauna eta flora) eta hondartzetako eta itsasadarreko erabiltzaileen osasuna babesteko. Onartezina da errekan lixibiatu kutsatzaileak isurtzea, 2022ko uztailaren 13tik gaur egun gertatzen den bezala".


Gertaeren kronologia
Bitartean, Arkaitzerrekan eragindako hondamendiak "bere horretan dirau" gogorarazi du GuraSOSek. Hilabeteotako gertakari nagusiak gogorarazi ditu:
-2022/07/13: Arkaitzerreka kolore gorriz eta aparrarekin agertu zen.
-2022/10/28: erraustegitik isuritako ur kutsatuak Arkaitzerrekatik Loiolako araztegira desbideratzeko ponpaketa-sistema eraikitzeko GHK-ren baimen eskaera plazaratu zuen URAk. Hainbat eragileek "obraren bideraezintasuna alegatu zuten baimendu gabeko isurketa bat zelako".
-2022/11/03: Gipuzkoako foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok "Zubietako erraustegiak estankotasun edo lixibiatuen filtrazio arazoak dituela" aitortu zuen.
-2022/12/25: GHK-ren baimen eskaera onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak.
-2023/03: Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailburuak "administrazio-isiltasunez" sailburuordetzak emandako baimena baliogabetu zuela berri eman zuen GuraSOSek, elkarteak berak baimen haren aurka aurkeztutako helegiteari ez erantzuteagatik.
-Segidan: GuraSOSek horren berri jakinarazi zion URA agentziari.
-2023/05/04: erraustegitik isuritako ur kutsatuak kudeatzeko ponpaketa-sistemaren proiektuaren aldaketaren berri eman zuen URA agentziak.