Uztailaren 4an Zubietako erraustegian sutea izan zela berri eman zuen GuraSOSek. "Bolumen handiko fosoan industrialak eta arrisku gehien duten hondakinak daude eta erre dira, bi ordu baino gehiagoko kutsadura oso handiko kea sortuz", azaldu zuten. Zehazki zenbat eta zer erre zen galdetu zuen GuraSOSek, "zer substantzia arriskutsu isuri diren eta zergatik ez zaion biztanleriari abisua eman eta baimenak behartzen duen bezala 112ra deitu ote duten".
Ordutik egun batzuk igaro direnean, aipatu elkartetik jakinarazi dutenez, ekainaren 20az geroztik, duela ia hilabetetik, beraz, derrigorrezkoa duen aurretratamendurik gabe funtzionatzen ari da Zubietako erraustegia eta hilabete hasierako sutea testuinguru honetan jazo zela salatu du GuraSOSek. Hori hala dela adierazteko, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) astetartean gai horri lotutako datuak argitaratzen duela diote, alegia, aurrez tratatzen duten zatia eta "balorizazio energetikoa (errausketa) jasaten duten hondakinen tonak". Ekainaren 20az geroztik, ordea, 0,00 tona aurretratatu direla adierazten ari direla diote. "Horrek esan nahi du" zereginotarako bideraturiko "TMB planta egun horretatik geldirik eta funtzionamendutik kanpo dagoela. Hala ere, hondakin asko errausten jarraitzen du, eta horrek adierazten du jasotzen ari den etxeko hondakinen nahasketa errausketa-hobietara pasatzen dela zuzenean".
Baina hori hala egitea ez dago baimendua GuraSOSen esanetan. Gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak "Gipuzkoako Ingurumen Gunearen 1. faseari emandako Ingurumen Baimenean bi planta dituen funtzionamendu-sistema bat aurreikusten da: aurre-tratamendu mekaniko-biologikoko planta (TMB) eta balorizazio energetikoko planta (PVE), erraustegia bera". Argi dio GuraSOSek. "TMBren aurretratamendua jaso duten etxeko hondakinak erraustea baino ez dago baimenduta. Hau da, ez dago baimenduta udal-hondakinak erraustea, aldez aurretik materialak berreskuratzeko eta biolehortzeko aurretratamenduak egin gabe".
"Airea kutsatzeko arrisku handiagoa dago"
Aipatu ingurumen baimena ez betetzeak kutsaduran eragin nabarmena duela ohartarazi du GuraSOSek. "Bi ondorio garrantzitsu ditu ingurumenean. Alde batetik, erraustegiaren lubakira material oso hezea eramaten ari dira, eta proiektuan aurreikusi gabeko lixibiatu ugari sortuko ditu, testuinguru oso kritikoan gainera; izan ere, gaur egun, duela urtebete, hain zuzen ere, isuri eta isuri kutsatzaile handiak antzeman ziren hobi horretatik. Bestalde, erraustu beharreko hondakinaren hezetasunak labeen funtzionamenduaren tenperatura jaistea eragiten du eta, ondorioz, airea kutsatzeko arrisku handiagoa dago. Gainera, GHHKPOa (Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra) ez betetzea dakar, masan bildutako etxeko hondakinen aurretratamendu mekaniko biologikoa aurreikusten baitu, eta soilik bigarren mailako etxeko hondakinen errausketa, hau da, aurretratamendua jaso dutenena".
Ez hori bakarrik. "GHHKPOk dio instalazioren baten (kasu honetan TMB) funtzionamendua geldituz gero, hondakinak biltegiratu egin behar direla, eta nabarmendu du konplexuak “biltegiratze-ahalmen handia” duela, “balizko funtzionamendu-geldialdiak aurreikusten dituelako”.
"Gardentasuna eta kontrol demokratikoa bermatzeko" eskaera
Testuinguru horretan kokatzen du GuraSOSek uztailaren 4an erraustegian izandako sutea, "tamaina handiko lubakian, eta bi ordu baino gehiago behar izan zituzten itzaltzeko. Hala ere, gertaeraren azalpenean, foru-arduradunek iritzi publikoari ezkutatu egin zioten hondakinak zuzenean hobietara kontrolik eta tratamendurik gabe iristen zirela, edo, bestela esanda, erraustegiaren funtzionamendua une hartan (gaur egun bezala) ingurumen-baimenaren baldintzak urratzen ari zela".
Horren aurrean, "GuraSOSetik uste dugu erraustegiaren gardentasun falta, funtzionamendu irregularra eta etengabeko gorabeherak hainbesteraino iritsi direla, eta beharrezkoa da gertuko udalek gutxienez ekimen politikoak hartzea gardentasuna eta kontrol demokratikoa bermatzeko, kexa hutsetik haratago joan daitezen. Ezin da ahaztu instalazio horretan Gipuzkoako udalerri guztietako hondakinak eta bertako etxe guztietan sortutakoak tratatzen direla, eta, beraz, denok gara erantzule. Era berean, egoera horretan ingurumen-kontrolak indartzeko eskatzen dugu, bereziki Arkaitzerrekara isurtzen diren lixibiatuak".