Haizeak eragindako ezbeharra Zubietan

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 12a, 14:25

Zuhaitz bat erori da hipodromoko zubitik Zubietako kaxkorantz doan bidean eta pertsona bat harrapatu du azpian.

Aste hasiera mugitua bizitzen ari gara zalantza izpirik gabe. Haizetsu esnatu zaigu astelehen hau, alerta laranja indarrean jarri dute goizeko 9:00etan hasi eta 15:00ak arte. Izan ere, 120 kilometro ordutik gorako haize boladak izan genitzakeela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Zoritxarrez, azken orduotako haizeteok ezbeharrik eragin dute, Zubietan hain zuzen.

Hipodromoko zubia zeharkatu eta Zubietako Kaxko aldera doan bideko lehen bihurgunean zuhaitz bat erori da eta pertsona bat harrapatu du azpian. "Zuhaitz baten erorketagatik harrapatua geratu den pertsona erresketatu dugu Zubietan", berri eman dute Donostiako suhiltzaileek. Eskuhartzea egin duten uneko argazkia zabaldu dute sare sozialen bidez. "Zaurituari azkar senda dadin opa diogu", adierazi diete Donostiako suhiltzaileek.

Alerta laranjan gaudenez, kontuz ibiltzeko deia egin dute suhiltzaileok. Ezbeharra gertatu den inguruan hain zuzen, haizeagatik zuhaitzetatik eroritako adaxkak nonahi ikus zitezkeen.


 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Erlazionatuak

Alerta laranjan haizeteagatik

Noaua Aldizkaria ots 12 Usurbil