Zubietako erraustegia

Espainiako Konstituzio Auzitegiak GuraSOSen alde emandako epaia, Batzar Nagusietan hizpide

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 20a, 13:06

Hilabete hasieran, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eginiko osoko bilkuran hizpide izan zuten Zubietako erraustegiaren ingurumen baimen bateratua.

Espainiako Konstituzio Auzitegiak GuraSOSi arrazoia eman eta aitortu zuen apirila amaieran aipatu elkarteak berak berri eman zuenez, EAEko Auzitegi Nagusiak babes judizialerako eskubidea urratu ziola eta tramitera onartu beharko zuela GuraSOSek Zubietako erraustegiaren ingurumen baimenari jarritako helegitea. Baimen horren aurrean, erabakiren bat hartu beharko du orain aipatu EAE-ko auzitegiak.

Ingurumen baimena legezkoa edo ez
Gai hau ahotan hartu zuten hilabete hasieran Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Horri buruz galdetu zion EHBilduk foru ingurumen diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari Jose Ignacio Asensiori. Espainiako Konstituzio Auzitegiak kaleratuko epaiari buruz azaldu zuenez, "magistratu guztiek aho batez emandako epaia" izan zen, "oso ohikoa ez den egoera bat", EHBilduren ordezkari Jon Altolagirreren esanetan.

Berak galdetu zion Asensiori, "EAEko Auzitegi Nagusiak Zubietako erraustegiaren ingurumen baimenaren legezkotasuna aztertzearen inguruan zein iritzi" zuen. Izan ere, gogora ekarri zuenez, "Eusko Jaurlaritzak 2016an emandako ingurumen baimen bateratua, funtsezkoa izan zen erraustegia martxan jar zedin". Ondorioz, tramitera onartu beharko duen GuraSOSen helegitearekin EAEko Auzitegi Nagusiak Altolagirreren esanetan, "auziaren muinaz ebatzi beharko du; alegia, Zubietako erraustegiaren ingurumen baimena legezkoa den edo ez".

"Erabateko arduragabekeria da"
"Erakunde judizialaren erabaki guztiak errespetatzen ditut erabat eta gardentasun osoz lankidetza osoa eskainiko dut, hala eskatzen badidate", erantzun zion Asensiok.

Erantzun horren aurrean, Altolagirrek EAEko Auzitegi Nagusiak kalera dezakeen ebazpenaz galdetu zion, hitza hartzeko bigarren txandan. "Kezka sortu beharko liguke ingurumen baimena ezbaian egoteaz", adierazi zion Asensiori, "2016an bezala, Eusko Jaurlaritzak emandako baimen bateratu horren baitan, berriro ere bide judizial hau zabaltzen dela ikusita".

"44 auzi eta prozedura judizial izan ditugu. EHBilduk kudeatzen dituen mankomunitateak jarritako 29ak irabazi ditugu. GuraSOSek jarritako hamabostetatik hamaika irabazi ditugu eta lau zintzilik daude oraindik", ekarri zuen gogora Asensiok.

Ildo horretan, gaineratu zuenez, "ez dut uste proiektu bakar bat ere egongo denik halako judizializazioa duenik. Hamar urteotan bizitakoa erabateko arduragabekeria da", erantzun zuen foru ingurumen diputatuak. Prozedura berri hau ere ia ziurtzat jo zuen irabazi egingo dutela "gainerakoak bezala, baina itxarongo dugu eta errespetatuko ditugu prozesu judizial guztiak. Espero dut zuek gauza bera egitea".

Zuzenean
Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkura zuzenean eskaini zuen aipatu erakundeak, ohi bezala, streaming bidez. Ondoko esteka honetan ikusi eta entzun dezakezue, gai horrek emandakoa: Gipuzkoako Batzar Nagusiak